Gorbata erosiko dut

pablo-barrio 2010eko apirilaren 9a

Beharko, bai. Gauzak dauden moduan, itxuroso atera behar da etxetik. Dutxatuta eta elegantea, ahal bada. Elegantea bai, gutxienez. Inportantea da itxura. Zergatik? Ui! Galdetzea ere! Kamerak nonahi, kalean emandako pauso guztiak grabatuta geratzen direlako, aizu. Galdetu, galdetu bestela Paris aldera joandako Kataluniako suhiltzaile horiei. Erosketako gurditxoa bultzatzen zuen morroi lerden burusoiltsuari, adibidez (hara! Egia! Ez bakarrik gorbata, peluka ere erosi beharko! Lotsak agerian ez agertzearren, noski). Urbilera hurbiltzen naizen hurrengoan zintzo-dotorearen plantan egingo dut beraz, bai horixe, hatza sudur zuloetan sartu gabe. Saiatuko naiz, behintzat.
Txantxetan ari naizela ematen badu ere, ez da horrela. Kontua grabea da. Konturatu gabe, inongo legerik urratzen ez duten irudi, komunikazio edota mugimenduen kontrola erabatekoa da. Eta onartu egiten dugula ematen du.
Hori, oro har, horrela bada, Euskal Herrian, nola esan... Hemen kamera finkoez gain mugikorrak ditugu ugari. Ezetz? Azkena (?) kontatuko dizut, aurreko ostiralean gertatua Lasarten, tren geltokiaren ondoko errotondan. Durangon GaztEHerriak antolatutako ekitaldietara joateko asmoz, dozena pare bat gazte zeuden autobusaren zain. Autobusa baino azkarrago, Polizia Nazionala etorri, paretaren kontra jarri, identifikatu, katxeatu... eta grabatu egin zituen (casting baterako?). Eta ben-hur.
Ba, hori. Ustezko errugabeak baino ez gara.