LOKEko judokek emaitza onak lortu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 10a

LOKEko judo sailak bi txapelketa garrantzitsu izan zituen martxoaren 27, batetik Gijonen junior eta eskola mailako Espainiako borroka txapelketa izan zuten eta bestetik Fuengirolan, kadete mailako Nazioarteko txapelketa.

Espainiako txapelketa

Gijonen burutu zen Espainiako borroka txapelketan bi domina eskuratu zituzten LOKEko judokek junior mailan, Leire Zubizarretak zilarrezkoa eta Amaia Curielek brontzezkoa.
Gorka Aristegi entrenatzaileak azaldu digunez, “biak oso ondo aritu ziren borrokan.”
Eskola mailan, berriz, Abayuba Gutierrezek, Fermin Baldak, Oscar Garridok, Ander Curielek eta Asier Zubizarretak bosgarren postua eskuratu zuten eta Josu Olmosek zazpigarrena.

Fuengirolako txapelketa

Bestalde, Fuengirolako kadete mailako nazioarteko txapelketan, Mario Garrido eta Esteban Martinezek parte hartu zuten.
Garridok, bosgarren postua lortu zuen. “Lan ona egin zuen, baina brontzea galdu eta azkenean bosgarren geratu zen,” azaldu du Aristegik.
Esteban Martinezek ordea, ez zuen egun ona izan. Lehenengo borroka galdu eta lehiaketatik kanpo geratu zen.