Bihar hasten den edizioan, kapitalismoaren aurrean norbanako bakoitzak egin dezakeena erakutsiko dute arlo desberdinetan, hala nola, teknologia berriak, elikadura eta kontsumoa edo banka etikoa.
Praktikari garrantzia
“Aurten asmoa ez da salaketa egitea soilik, jendeari kapitalismoari aurre egiteko dauden aukerak erakutsiko ditugu,” azaldu digute antolatzaileek.
Horregatik, hamabigarren edizio honetan, alde praktikoari emango diote garrantzia. “Horretarako, teknologia berrien tailerra antolatu dugu bihar bertan. Eta bestetik, hitzaldietan alde teoriko edo ideologikoaz gain, beste herrialdeetan aurrera eraman diren esperientziak aurkeztuko ditugu, esate baterako Usurbileko nekazal kooperatiba,” adierazi dute.
Egitaraua
Arestian aipatu bezala, bihar goizeko 10:00etan, Xirimiri elkartean emango zaie hasiera XII. Jardunaldi Internazionalistei.
Antikapitalismo teknologikoari buruzko tailer praktikoa izango da bertan. Bloga nola egin, pelikula eta musika jaitsi edo software libreari buruzko gauzak ikasi ahalko dira bertan.
Astelehenetik asteazkenera, Manuel Lekuona Kultur etxeko hitzaldi aretoan emango zaie jarraipena jardunaldiei.
Hitzaldi aretora hurbiltzen diren herritarrek, astelehenean 19:00etatik aurrera, elikadura eta kontsumoaren arloan dauden alternatibei buruz jakingo dute eta, era berean, tokiko esperientziak ezagutuko dituzte; asteartean, berriz, korronte berria den deshazkundeari buruzko bideoa eta hitzaldia eskainiko dira eta asteazkenean, banka etikoari buruzko Money for debt film laburra ikusiko da eta esperientzia interesgarri eta arrakastatsu bat ezagutzera emango da, FIARE kreditu kooperatiba.
Zinema, musika eta afaria
Baina ez da guztia teoria eta praktika izango, aisialdirako astia ere izango eta horretarako, zinema, musika emanaldia eta afaria antolatu dituzte.
Horretarako, ostegunean, Okendo Zinema Taldeak bat egingo du Jardunaldi Internazionalistekin eta, elikadura eta kontsumoaren gaia berriro jorratuaz, Fast food nation filma eskainiko du.
Ostiralean, berriz, musikaren txanda izango da. Gaueko 21:00etan, herriko hogei minutu taldeak kontzertua eskainiko du Obelix tabernan.
Hainbat abesti ezagun eta antikapitalista entzuteko aukera egongo da.
Eta, ohikoa den bezala, larunbatean, apirilaren 17an, Xirimiri elkartean ospatuko den afari internazionalak emango dio amaiera aurtengo edizioari.
Afaria mexikar-begetarianoa izango da eta 12 euro balio ditu. Tiketak Jalgin eta Xirimirin eskuratu ahal dira.