Alkate gazteak azaldu zuenez, proiektu hau Eusko Jaurlaritzak duen Hiriber programaren laguntzaz egin nahi du Udalak. Izan ere, 637.300 eurotako gastua izango du, BEZ-a eta “azken orduko aldaketak izan gabe.”
Plazaren eraberritzea
“Bertan bizi diren auzotarren kexak eta iradokizunei erantzunez egin da eraberritze proiektua,” azaldu zuen Zaballos alkateak eta “izan ere, euria egiten duenean plaza urez betetzen da eta ezin da bertatik igaro,” atxiki zuen.
Gauzak honela, eraberritze proiektu honetan, plazako lurzorua aldatuko da, “uraren arazoa ekiditeko.”
Bestalde, egun parkean falta diren haurrentzako parkea, eremu berdeak eta eserleku eremua egingo dira.
Zuhaitzak egun dauden kokalekuan egongo, baina alkateak onartu duenez, “ingurumeneko teknikariaren gomendioz, aldatu beharko dira. Izan ere, batzuk gaixo daude.”
Honetaz gain, “tabernek udan jartzen dituzten terrazak errespetatuz egin da proiektua ere,” azaldu zuen alkateak.
Eremu modernoagoa
“Era honetara, lan guztiak bukatzerakoan, Loidi Barreneko etxebizitzak, Adarra eta Jaizkibel plazako eraberritzea eta Gaztelekua, auzoak estilo modernoagoa izango du,” adierazi du Zaballosek.
Hala ere, oraindik puntu bat du Udalak konpontzeko, “Jaizkibel eta Uzturre plazako lokal batzuen berkokatze falta da. Gehienek Adarra plazako eraikin berrian dute lekua dagoeneko. Hori lotzean, lokal horiek eraitsiko ditugu,” azaldu zuen alkateak.
Hiriber programa
Hirigintzaren aldetik degradatuak, urbanizazio, hornidura eta azpiegituren eza edo urritasuna duten hiri-eremuetan lehentasunezko esku hartzeak egiteko diru-laguntzen programa da Eusko Jaurlaritzaren Hiriber ekimena.
Lasarte-Oriako alkate berriak azaldu zuenez, “honetara, milioi bat baino gutxiagoko proiektuak aurkeztu behar dira eta Udalen aurrekontutik kanpoko daudenak.”
Aurkeztutako proiektuen arabera banatuko da dirulaguntza eta Eusko Jaurlaritzak gehienez %75a finantzatuko du, “beraz, Udalaren esku geratzen da
Behin dirulaguntza eskainita, hilabeteko epean hasi beharko dute lizitazio-prozesua Udalek. Era berean, eraberritze lanek amaituta egon beharko dute 2010eko abenduaren 31 baino lehen.
Proiektuak aurkezteko epea ostiralean bukatu zen eta Udala erantzunaren zain dago. Hala ere, “dirulaguntza hori lortuko dugu,” onartu zuen ziurtasun handiz.