Lasarte-Oriako II. BTT trabesia egingo da igandean Buruntza eta Andatza mendietan

Txintxarri 2010eko apirilaren 12a

Lehenengo edizioan, 2008. urtean, 186 parte-hartzaile izan ziren Lasarte-Oriako I. BTT trabesia antolatu zen. Orduko arrakasta ikusirik, aurten bigarren edizioa antolatu dute herriko Saiatuz Txirrindulari Kirol taldeak, Ostadar eta Bazpi elkarteen laguntzaz.
Proba apirilaren 18an, hurrengo igandean egingo da eta Buruntza eta Andatzako mendietan barrena egingo dute lasterka txirrindulariek.
“Eguraldi ona eginez gero, 200 txirrindulari baino gehiago batzea espero dugu,” aipatu dute antolatzaileek.

Ibilbidea

Irteera goizeko 9:00etan izango da Hipodromoko zubiaren ondoan eta bi ibilbide egiteko aukera dago, bata motza 21km dituena eta bestea, 40 kilometrotakoa.
Ibilbide motza aukeratzen dutenek, Buruntzari buelta emango diote eta Andatzako pistatik igoko dira antenaraino eta hortik Lasartera egingo dute buelta.
Bestalde, 40 kilometroko luzerako bideak, Andatzara bitan igo beharko dute txirrindulariek, bata Zubietatik eta bestea Aiatik.
Antolatzaileek jakinarazi digutenez, proban parte hartzeko prestatua egon behar da. Izan ere, “lokatza egonez gero, gogorra izango da.”

Indarrak berreskuratu

Ibilbidean zehar hiru gune antolatu dituzte jan eta edatekoekin, bata Azkorten, bestea Andatzara bidean dagoen antenan eta bestea Aiako Andatza auzoan.
Proba bukaeran ere, nekea eta botatako izerdiak ahazteko jakiak eta edariak egongo dira partehartzaileen eskura.
Honetaz gain, partaide guztiek opariak izango dituzte, probako kamiseta eta sagardo botila bat, eta proba bukatutakoan opari desberdinen zozketa egingo da.

Izena-ematea

Izen-ematea Internetez bidez egin daiteke, 16 urte baino gehiago izan behar dira eta 20 euro ordainduko dira.
Egunean izena eman ahalko da, goizeko 8:00etatik 8:30era, baldin eta Interneteko inskripzioarekin ez bada bete. Izan ere, parte-hartzea 300 txirrindularira mugatu da.
Informazio gehiagorako, inskripzioaren baldintzak, kuotak eta lasterkariaren programak edo izena-emateko formularioa www.saiatuz.com web gunean aurkituko duzue.

Txiki trabesia

Aurten gainera, etxeko gazteek, 7 eta 12 urte artekoek aukera izango dute mendi bizikletan ibiltzekoa. “Bazpi txirrindularitza eskolakoek proposatu zuten eta ideia ona iruditu zitzaigun,” aipatu dute.
Hauek 2,5 kilometroko ibilbidea egingo dute Zubietako frontoiraino eta buelta.
“Haurren arabera, multzoak egin eta Bazpi txirrindularitza eskolako kide batekin joango dira,” azaldu dute antolatzaileek.
Igande goizean, 8:30tik 9:00etara izango dute txikiek izena emateko eta 5 euro ordaindu beharko dituzte.