Aitor Karrera 26 urtean hara eta hona ibili da ia asteburuero eskubaloi partiduak zuzentzen. 14 urterekin hasi zen eta iaz utzi zuen. 1983an hasi zenean Gipuzkoan bost epaile ziren ohorezko mailan. “Beste inon ez zen hainbeste izango. Orain ez dago bat ere. Dena galdu da”.
Nolatan hasi zinen epaile?
Ikastolan, eskubaloian jolasten ari ginela, jolas garaian. Behin partida bat egin behar genuen, arbitroa falta zen eta Jose Ignazio Altube kiroletako irakasleak txilibitua eman eta “hasi zaitez” esan zidan. Gero gustua hartu nion.
Beti eskubaloian aritu zara, jokalari ere bai?
Urte pare batean jokatu nuen infantil mailan, 12-14urte bitartean. Eta jada 14 urterekin hasi nintzen arbitratzen. Altube irakasleak eta Errenteriako nazioarte mailako Andres González Berridi arbitroak bultzatu ninduten, Gipuzkoa mailan arbitro gutxi zeudela eta. Berridirekin bizpahiru aste ibili nintzen, bigarren hilabetean jada bakarrik ari nintzen.
Maila txikietatik hasiko zinen noski?
Bai hasieran kadeteak, jubenilak,... bi urtetan. Hirugarren urtean jada, bigarren mailan nintzen, Euskadin maila altuena da hori, eta gero 18 urte bete nituenean, ikastaro bat egitera bidali ninduten Madrilera, lehen mailara igotzeko. Estatuan hiru maila daude, Asobal, Ohorezko maila B eta Bigarren maila. Azken hau izango litzateke futbolean 2.B maila bezala.
Probak gainditu eta mailaz igo nuen. Lau urtez egon nintzen hor, eta 1991n igo nintzen lehendabiziko A mailara (orain Ohorezko maila B deitzen da), hor bi urtetan egon nintzen, gero ohorezko maila B sortu eta 13 urtetan egon nintzen eta azken hiru urteak Asobal ligan.
Zer moduzko esperientzia izan zen?
Izugarria.
Asobal ligan handik hona ibiliko zinen?
Bai denboraldi batean 30 partidu inguru izatea zen normalena. Asobal ligako 7-8 taldek Europan jokatzen zutenez ligako partida astearte edo asteazkenean jokatzen zuten, beraz askotan tokatzen zen astean zehar...
Gustura joaten al zinen?
Bai, nire emazteak esaten zuen: "Goizeko 5etan jaiki behar duzu hegazkina hartzeko, nik bidaliko banizu... baina gustuarekin desberdina da, hobby bat, arrantzara edo ehizara joateko jaikitzen dena bezala.
Nazioarteko partidarik arbitratu al duzu?
Lagunartekoak bai, esaterako, Euskadi-Brasil eta Euskadi-Argentina mutiletan eta Euskadi-Holanda nesketan.
Munduko txapelketa batera joateko, zer egin behar du arbitro batek?
Hitz handiak dira horiek. Gaur egun Espainia mailan 200 epailetatik hamar, bost bikote bakarrik, daude nazioarte mailakoak. Oso zaila da. Gainera hor bi maila daude IHF internazionala eta EHF Europa mailakoa. Nazioartekoak mundialak eta olinpiadak arbitratzeko eta EHFkoak Europako txapelketak. Gainera ni Asobal ligara igo nintzenerako adina gainditua neukan eta ez nuen aukerarik. Nazioarteko epaile izateko 30 urtetik behera izan behar ziren.
Profesionalak izan al zarete? Ba al da hortik bizitzerik?
Ez, guk partiduko Asobal Ligan 480 euro eta bidai, hotel, garraio,... gastu guztiak kobratzen genituen. Hilero hiru partidu eta nesken ohorezko mailako bat egiten genituen.
Partidu gogoangarririk oroitzen al duzu?
Partidu berezirik? Bitxikeria moduan kontatuko dut Asobal ligako nire lehendabiziko partiduan 1993an, At Madrid-Valladolid, arbitro kataluniar batekin nintzen, 20. minutuan orkatila bihurritu zuen eta bakarrik arbitratu nuen.
A ze estreinaldia, ezta?
Bai, egia esan, jokalari guztiek ulertu zuten egoera eta oso ondo portatu ziren eta ez zen arazo handirik izan.
Eta ahazteko modukorik gogoratzen al duzu?
Beti daude partidu txarrak eta onak. Txarra, zergatik ez ote nintzen gaur hotelean geldituko! esateko modukoa gogoratzen dut Toledo-Anaitasuna bat. Hanka sartzen bat egiten nuen eta hurrengo jokaldian beste bat, zentratuta ez zaudenean ezin bueltarik eman. Gutxitan baina egoten dira egunak.
Ez al da lan zaila denak pozik edukitzeko?
Oso zaila.
Nola moldatzen zineten lasai egoteko?
Normalean zera egiten genuen, partidua arratsaldean baldin bazen, goizean lehendabiziko orduan iritsi, hotelean dutxa bat hartu eta atseden hartu, ohean lo kuluxkatxo bat goizean. Eguerdian altxa, oso gutxi jan eta berriro ohera, lasaitzera.
Gero bai partidua eta gero, jada, ondo afaldu eta kopatxoren bat hartzen genuen. Hori lan egin eta gero.
Presioa horrenbestekoa izaten al da?
Toki batzuetan beste batzuetan baino gehiago, baina bai. Adibidez, Palau-n arbitratzea, eskubaloia, futbol partiduaren aurretik, zortzi mila pertsonen aurrean, ba ez da txantxa, nabaritzen da presioa.
Jende asko kanporatzen al zenuen? Nolako epailea zinen?
Hori momentuaren araberakoa da. Nik uste arbitratzen hasten zarenean, bi taldetako jokalariek ez zaituztenean ezagutzen, zuk jarri behar duzula erritmoa, zer utziko duzun eta zer ez finkatu behar duzu. Hasieran jende gehiago kaleratzen nuen, gero beraiek ere badakite zu nondik zoazen eta kontrolatzen dira. Entrenadoreak epaileak neurtzen aritzen dira: protesta noraino utziko dit?. Asobalen lehen urtean badirudi lehoien artean zaudela, edozer gauza adierazita ere, zer edo zer esan behar dute.
Errespetoa beraz irabazi egiten da
Bai dudarik gabe. Ondo markatu behar da ez dituzula protestak onartuko... Jokalariekin normalean ez dago arazorik. Maila horietan profesionalak dira eta jokatzera mugatzen dira. Protestatzen badute ere une klabe batean izango da. Azken segundotan eta golen bat beharrezko dutenean. Badaude gaiztoak diren jokalari batzuk ere, atzerrikoak, aurkariari min egiten diotenak.
Ikusleen haserrealdiak direla eta arazorik izan al duzu?
Haserreak izaten dira. Kontuan izan bi talde direla, asko jokatzen ari direla, presio handia daukatela. Denak gustura geratzea oso zaila da, eta gainera, partiduaren aurretik giroa berotzen du sarri prentsak.
Poliziak babestua askotan atera al zaituzte?
Askotan ez, baina dozena erdi aldiz bai. Behin Cangas de Morrazon Galizian. Almeriaren aurka jokatzen zuten partida, maila mantentzeko, erabakiorra. Almeriak irabazi zuen gol bateko aldearekin eta Cangas jaitsi zen. Azkenean goardia zibilarekin atera ginen.
Uzteko gogorik ez al zaizu sekula jarri?
Ez, dena den, urtero berdina gertatzen zitzaidan, irailean aurre denboraldiarekin hasi, proba fisikoak hiru aldiz pasatzen genituen, abuztuan, gabonetan eta aste santuan, horrek suposatzen du urte guztian entrenatu behar duzula, bidaiak,... eta beraz maiatza iristean nekatuta nintzen. Gero uztaila bukaeran berriro monoarekin izaten nintzen, jada denboraldiko egutegia aterata, zein partida,... ?
Noiz eta zergatik utzi zenuen Asobal-en arbitratzea?
Iaz utzi nuen gehien bat, lau urteko haurra daukadalako. Konturatzen nintzen haurrak ia ez ninduela ikusten. Astean zehar lanean eta asteburutan bidaian. Eta astegun askotan ere bidaian. Askotan etxera iristean haurra lo zegoen eta goizeko 6etan ateratzen nintzenean ere bai. Nire haurraren urte politenak galtzen ari nintzen eta ez nuen hori nahi. Hori alde batetik eta bestetik. 26 urte neramatzan, 14 urterekin hasi nintzen, 40 neuzkan, nik uste uzteko garaia iritsi zitzaidala. Nik beti esan nuen, joango nintzena nahi nuenean. Ez dut kantxetan arrastaka ibili nahi. Nik uste momentu egokia zela.
Dena den eskubaloiarekin lotuta segitzen duzu?
Bai Asobalen delegatu bezala jarraitzen dut. Partidotan mahaian egon behar dut, arbitroekin batera guztia kontrolatzen dena ondo joan dadin eta arazoren bat baldin bada arbitroek eta delegatuak dute eskumena erabakitzeko. Normalean hemen inguruan da, Eibarren, Iruñean eta Logroñon. Eguneko bidaiak dira, ez lehen bezala, ostiralean abiatu eta igandea bueltatu. Behin tokatu zitzaidan asteazken batean Algeciras- en arbitratzea.
Arbitroa izateko asko ikasi behar izan al zenuen?
Egia esan ikasi beharra dago, arauak ikasi behar dira. Ikastaroak egin eta azterketak gainditu behar dira. Ikasturte bat estatu mailan hasteko, beste bat ohorezko B mailara igotzeko eta azkenik, beste bat Asobal ligara igotzeko. Gero partidu batean etsamina pasatzen ari gara partidu bakoitzean, zeren informatzaile batzuk eta puntuaketak daude. Urtero horren arabera arbitroak igo eta jaitsi egiten dira mailaz. Suertea euki dut, igo, igo naiz, baina ez naiz sekula jaitsi. 21 urte eman dut Espainia mailan eta hor egon naiz beti. Ez, suertea izan da, gustura ibili naiz-)))
Jende asko ezagutu al duzu?
Jende asko eta hiri asko. Lagun oso onak egin ditut. Esaterako Sevilla, Bartzelona edo Valentziara joaten banaiz lagunak ditut. Horrek asko balio du.
Jokalariak ere bai?
Bai, lagun egin ditut jokalari asko. Adibidez, Iñaki Urdangarin, ezagutzen dugunontzat tipo jatorra da. Aspalditik ezagutzen dut eta oso pertsona normala da. Edo Alberto Entrerrios, Ciudad Realekoa, oso jokalari umila eta jatorra da. Eta irabazi edo galdu berarekin gelditzen ginen partidaren ondoren garagardo bat hartzeko.
Gipuzkoan zu ibili zinen garaian bakarra al zinen?
1983an, hasi nintzenean Gipuzkoan bost epaile ziren ohorezko mailan. Beste inon ez zen hainbeste izango. Orain ez dago bat ere. Dena galdu da.
Jarraitzen al duzu gaur egun eskubaloia?
Bai noski.
Eta beste kirolik?
Futbola ere gustatzen zait. Errealeko bazkidea naiz. Ahal dudanean joaten naiz. Errealeko bazkide egin nintzen arbitratzen hasi nintzen urtean eta jarraitzen dut. 26 urte bazkide, beraz.
Ez al dago bortizkeria gehiegi kirolean oro har?
Bai eta ez. Gaur egun klubak enpresa moduan dabiltza, diru asko dago jokoan, sponsorrek helburu batzuk dituzte eta lortzen ez baldin badira hurrengo urtean agian ez dute dirurik jartzen, eta dena zaildu da.
Oso kritikatuak zarete epaileak oro har gaur egun, lehen baino gehiago? Zer iritzi duzu horretaz?
Esan beharra dago arbitroari gaur duela 15 urte baino askoz gehiago eskatzen zaiola. Futbolean funtzionatzen duen izoztegia eskubaloian ere badago, hau da, arbitro batek akats handiren bat edota partidu oso txar bat egiten badu, hiruzpalau aste egoten da arbitratu gabe, zigortuta, nahiz eta hori publiko ez egin.
Zein iritzi duzu baliabide teknologikoak erabiltzeari buruz, hau da, epaileetako batek errepikapena ikusteko aukera izateaz?
Nik uste denborarekin iritsiko dela. Adibidez, azken mundialean proba bat egin dute baloiari txip bat jarrita, atean sartu den ala ez jakiteko, eta horrek ez du arrakasta handirik izan. Gero probatu dute arbitroak elkarren artean mikrofonoz hitz egiteko sistemarekin eta horrek ondo funtzionatu du, erraztasunak ematen dizkie, uneoro hartu-emanetan da bere bikotearekin. Hau, aurten, Errege Kopan erabiliko dutela uste dut.
Errepikapenak ikusi eta erabakitzeari buruz zein iritzi duzu?
Uste dut arbitraiak bere esentzia galduko duela. Adibidez NBAn egiten da, baina, ez dut uste eskubaloian jarriko denik, lehenago iritsiko da futbolera.
Kontrako iritzia dut, dena den, uste dut arbitroak gertatzen dena gertatuta ere hor egon behar duela. Asmatzen duenean oso ondo eta asmatu ez badu ez du akats hori nahita egin.
Beste ezer komentatu nahi al duzu?
Eskerrak emango nizkioke familiari eta emazteari eduki duten pazientziarengatik. Egia da horrela ezagutu ninduela emazteak, denbora asko neraman jada jarduera honetan. Askotan etorri da nirekin, gustatzen zaio.
Emaztearekin Usurbilen bizi zara, Xabier Mikel Rekondo eskubaloi jokalari ohia duzue alkate...
Bai, kasualitatea. Partidu batean baino gehiagotan kaleratu nuen. Behin txartel gorria atera nien Egiako txapelketan, Porland-Bidasoa partidu batean Etxabururi eta berari. Elkarrekin egon ziren Bidasoan, ez ziren ondo konpontzen, borrokan hasi ziren eta biak kanporatu nituen.