“Lan faltak eta bortizkeria egoerak gure herrialdea uztera behartu ninduen”

itxaso-moreno 2010ko api. 12a, 02:00

Magrebiak, latinamerikarrak, senegaldarrak... gero eta aniztasun kultural handiagoa dago gure kaleetan. Euren herrialdeetan bizi duten lan egoera eta pobreziak nahi ez duten erabakia hartzera behartzen ditu askotan, euren lurraldea uztera. Askotan kontinentez aldatu eta, ezagutzen ez duten herrialde batean, bizitza ezerezetik hastera behartuta daude. Gainera, eurekiko hemengoen jarrerak, askotan, gauzak zaildu egiten dizkiete. Askok uste baitute lanera etorri beharrean karitateaz bizitzera datozela. Beldur hori telebistek ematen duen irudi distortsionatuaren eraginez izan daiteke, baina errealitatea beste bat da. Hemen bizi diren inmigrante gehienak lanean daude, euren biziraupena dago jokoan.

Lasarte-Oria populazioan handituz doan herria dugu. Biztanleriaren igoera honetan inmigranteen etorrerak zer esan handia dauka. Hala ere, herrian dugun etorkin kopurua oso txikia da Euskal Herriko beste herriekin konparatuz gero. Baina etorkinak egon badaude, eta gu Alicia Piskun argentinarrarekin egon gara. Bere herrialdea uztera zerk bultzatu zuen eta Euskal Herrira etortzeko erabakiaren zergatiak kontatu dizkigu.

Alicia Piskun, eta bigarrena?
Abizen bakarra dut. Argentinan, bi abizen dirudunek soilik dituzte. Horrela, pobreak eta aberatsak erraz ezberdintzen dira.

Argentinarra, baina nongoa?
Kordobako probintzian jaio bertan bizi izan nintzen Lasarte-Oriara etorri aurretik. Probintzia hau estatuaren erdigunean kokatuta dago.

Zein da zure lanbidea?
Erizaina. Duela 24 urte hasi nintzen lanean. Orain bakarrik Osakidetzatik deitzen didatenean egiten dut lan erizain moduan.

Nolatan Lasarte-Oriara?
Nire ahizpa hemen bizi zelako. Orain dela 8 urte bisitan etortzeko gonbitea egin zigun. Baina guretzako plazer bidai bat egitea luxua zen.
Irain bat zen proposamena, gure egoera ekonomikoari erreparatuz. Beraz, lanean aritzeko baldin bazen etorriko ginela esan eta handik gutxira nire senarra etorri zen koinatuarekin lanera. Hortik urte betera, diru nahikoa bildu eta ni eta nire bi semeak etorri ginen. Nire alaba AEB-n zegoen bere senargaiarekin. Orain hemen bizi da, familia guztia gaude elkarrekin.

Egoera ekonomikoak soilik bultzatu zizuen jaioterria uztera?
Egia da horrek eragin zuela, ni bainintzen lana neukan bakarra. Senarra eta semeentzat esperantza gutxi zegoen. Gainera, kalean bizi zen bortizkeria ikaragarria zen, jasangaitza. Gerta daiteke norbait hiltzea bi zapatila lapurtzeagatik. “El corralito”k eragin handia izan zuen gizartean. Guri ez berez pobreak ginelako jada. Baina, bai, eragin zigun lana galtzerakoan edota bilatzerakoan; ez zegoen aukerarik, eta langabeziak delitugintza ekartzen du.
Eta nola ez, bertan genituen prezioak ikusita. Izugarriak ziren, hemengo prezioarekin konparatuta: nire herrian ogia 5 eurotan erosi behar genuen, haragia 30 eurotan, jasan ezinezko prezioak dira. Eta delinkuentzia jasatea psikologikoki oso gogorra da.

Argentinan erizaina zinen, ikasketarik burutu al zenuen?
Argentinan erizain moduan edonor hasi daiteke. Ezer jakin gabe ere lortu dezakezu postu finkoa, norbaiten gomendapenarekin. Laguntzaile moduan hasi nintzen. Baina denborarekin, Kordobako gobernuak urte asko lanean generamanei unibertsitateko titulua eskuratzeko aukera eskaini zigun.
Asko kostatu zitzaidan titulua ateratzea. Lantokian praktikak burutzen nituen, eta arratsaldez unibertsitatera. Eta guzti honek kostu handia ekarri zigun, baina titulua lortu nuen.

Han erizain eta hemen garbitzaile, aldaketa handia al da?
Hasieran bai, baina banekien zertara nentorren, kautelarekin hartu nuen. Hemengo maila oso altua da, errespetagarria eta mirestekoa. Oposaketen metodoa egokia da, hango egoera ez gertatzeko. Hemen plaza lortzen duenak, benetan erizain lanetan ondo jardungo dela baieztatzen du.

Osakidetzan ordezkapenetan zabiltza, nolako esperientzia izan da?
Hasieratik nire lankideek asko lagundu zidaten. Nik 24 urteko esperientzia nekarren, baina hemen gauzak oso ezberdinak dira. Eta hasieran gogorra izan zen. Inpresionatu egin ninduen erabiltzen den material kantitateak, eta are gehiago, erabili eta gero dena botatzeak.
Guk, Argentinan material kopuru murritza genuen, eta zerbait apurtzen zitzaigunean, beste berri bat lortu arte gabe ibiltzen ginen.
Xiringak behin eta berriz erabiltzen genituen. Adibidez, penizilinarentzat xiringa bat genuen soilik.
Inpresionatu ninduen beste gauza bat pazienteekiko arreta zen. Hemen dena automatizatua dago, pautatua. Eta pazienteaz ahazten dira. Han aldiz, pazientea eta erizainaren artean elkar harremana sortzen da. Agian, argentinarrak oso maitekorrak garelako izan daiteke.

Nola izan zen hemengo jendearen harrera?
Hemen mesfidantzaz begiratzen zaie inmigranteei. Hala ere, guk gure aldetik jarri genuen eta ez genuen arazorik izan. Integrazioa lortzeko, etorkinak gure aldetik jarri behar dugu. Hasieran ez baitzarete oso irekiak.

Aldaketarik bi gizarteen artean?
Bai, bizimoduan. Guk adibidez, norbait berria iristen zenean segituan gure etxeko ateak irekitzen genizkion. Hemen, jendeak taberna du sozializazio lekua. Ohitura eta kultura ezberdinak dira. Hemen etxea lo egiteko baino ez duzue, guk berriz, gainerakoekin momentuak konpartitzeko dugu. Guretzako etxea, guztiaren erdigunea da. Baina horretan, ahalbide ekonomikoak eragiten duela uste dut.
Gainera han, etxebizitza batean hiruzpalau familia bizi daitezke elkarrekin, hemen aldiz, bakoitza bere pisuan.

Beste aldaketarik?
Han 30 urterekin zaharra kontsideratzen zaituzte, lana lortzea ezinezkoa da adin horrekin. Hemen aldiz, 30 urterekin gaztea zara. Beste aldaketa bat, gazteen bizimodua da. Hemen helduagoak dira ezkondu eta familia dutenak. Han utzikeria asko dago,14 urterekin emakume asko haurdun geratzen dira.

Zer moduz Lasarte-Oriako jendearekin?
Oso ondo. Asko maite gaituzte guztioi, txakurretik hasi eta bilobetara. Familian etorri gara, osasuntsu eta ohiturak errespetatu egin ditugu. Gure ideologia mantentzen dugun arren, hemengo kulturara, ohituretara egokitzen saiatu gara. Momentuz gehien kostatzen ari zaidana hemengo janzkerara moldatzea da. Jendea oso dotore doa, gu han festetan erabiltzen genituen jantziak egunerokotasunean erabiltzen dituzue.

Euskara ere ikasten saiatu zara
Saiatu bai, baina hizkuntza hau oso zaila da. Nik ingelesa, frantsesa eta latina dakizkit, baina euskara ez zait sartzen, hizkuntza honek blokeatu nau. Ez dakit zaharkiturik harrapatu nauen... baina ez zait sartzen. Hala ere, ulertu ez arren, euskaraz irakurtzen, eta telebista ikusten jarraitzen dut, ea horrela zerbait barneratzen dudan. Orain biloben laguntza dut.

Zer botatzen duzu faltan?
Etxe batean bizitzea. Nahiz eta txikia izan, baina pisua ez zait gustatzen. Jaiki eta atarian haizeak ematen dizula gosaltzea... hori ikaragarri botatzen dut faltan. Hori luxua da benetan, nahiz eta etxea txikia izan, sukaldea, komuna eta logela batekin konformatzen naiz. Baikorra naiz eta lortzeko esperantza ez dut galduko.

Nola ikusten duzu etorkizuna?
Hemen, ez dut bueltatu nahi. Nire herrialdea maitatzen jarraitzen dut, baina hemengo lasaitasuna ordainezina da. Han beldurrez ateratzen ginen kalera. Lasarte-Oriara etortzean kartera erabiltzen eta aurrera begiratuz ibiltzen ikasi nuen.