Fenomenoaren nondik norakoak hobeto ulertu nahian, Ikuspegi, Eusko Jaurlaritzako inmigrazioaren behatokiko datuei erreparatuko diegu, herrian, inmigrazioaren inguruan emandako bilakaera aztertzeko. Halaber, adinari, eremuei, auzoei eta nazionalitateei errepaso bat emango diegu.
Bilakaera malgua
Badirudi gure herriko populazioa oso gutxi hazi dela azken urteotan, eta hazkunderik egon baldin bada atzerritarren hazkundea eman delako izan da. 1998an 17.750 biztanle ginen, eta 2009an 17.789, alde gutxi beraz 11 urte igaro direnean. Dena den, Lasarte-Oriako bertako populazioa jaitsi egin da. Populazio atzerritarrari dagokionez, hazkunde nahiko handia eman da, eta 1998. urtean ia atzerritarrik ez zegoen bitartean, 2009an jada atzerritar talde bat badago.
Euskal Herriko atzerritarren %6,1 bizi da Lasarte-Orian, baina herrian ez dira asko, kopurua ez da oso handia, populazio osoaren %5,6 da eta.
Biztanleria gaztetzen
Lasarteoriatarrak baino gazteagoak dira gure artean ditugun atzerritarrak. 18 urte azpikoen artean oreka ematen da herrikoen eta atzerritarren artean. Baina 18-44 urte dituztenen artean aldiz, %71,6 atzerritarra da.
65 urte baino gehiago dutenen artean, %7a baino ez da atzerritarra, eta Lasarte-Oriako populazio osoaren %19,5 adin tarte honetan dago. Ondorio hau ez da Lasarte-Oriako gertakari isolatua, Espainiar estatuko gainerako erkidegoetan antzera gertatzen da.
Honekin ondorioztatu daiteke, orokorrean populazio atzerritarra gaztea dela eta lan egitera datorrela, lan-adinean baitaude gehienak. Guzti honek fiskalki onurak ekartzen ditu, kotizazioa edo gizarte segurantzara adibidez ordaintzen dutelako. Eta gainera, egiten ordaintzen duten horretatik gutxi jasotzen dute, ez baitute pentsiorik jasotzen eta osasun gastuak ere, gutxi sortzen dituzte.
Latinamerikarrak nagusi
Gure artean bizi diren atzerritarren %62a Latinoamerikatik etorriak dira. Bigarren postuan, Europatik etorritakoak daude, batez ere, Portugaldik etorriak; ez ditugu gure artean frantziar, italiar edota alemaniarrak hain erraz aurkituko.
Euren jaioterriari erreparatuz, emakume eta gizonezkoen arteko proportzioak ezberdinak dira. Ez pentsa bitxikeri bat denik, etorkin latinamerikarren artean emakumeak dira nagusi, europarren artean berriz, oreka ematen eta afrikarren artean, gizonezkoen nagusitasuna argia da.
Honen arrazoia nahiko logikoa da, eremu bakoitzak eskulan jakin bat eskaintzen baitu.
Latinamerikarren lanbide nagusiak, zaintza eta etxeko lanak dira. Afrikarrek, aldiz, nekazaritza dute ogibide. Bizkaian eta Gipuzkoan nekazaritzak garrantzia oso txikia duenez, oro har, Magreb-eko jende gutxi aurkitu dezakegu. Araban aldiz, nekazaritzaren garrantzia dela medio, Magreb-eko etorkinak asko dira.
Lasarte-Oriak arau orokorra jarraitzen du, latinamerikarren %57,4a emakumeak baitira. Gainerako herrialdetako atzerritarren etorreraren zergatiak aztertzerako orduan, ezin ditugu ondorio zehatzak atera, zenbakiak oso urriak direlako ordezkagarritasun eta ondorio estatistikoak ateratzeko.
Populazio atzerritarraren jatorriaren arabera jakin dezakegu herri edo eskualde batek daukan egitura ekonomiko-laborala.
Nazionalitate ugari
Europa, Amerika eta Afrikako biztanleak ditugu gure artean. Hainbat lurraldetako biztanleak gutxi badira ere, kasu batzuetan bakarra, aniztasunaren parte dira. Datu hauen artean deigarri egiten zaigu Nikaraguarren kopurua Lasarte-Orian. Euskal Herrian Nikaraguak pisu handirik ez badu ere, gure herrian aldiz bai. Horren arrazoia, gure herria eta Nikaraguako Somoto herriaren arteko senidetzean egon daiteke. Hala ere, ezin ahaztu atzerriko populazioaren artean sare sozialak indar handia dutela, alegia, jendea bere herriko edo bere senideak dauden leku edo herrialdeetara joan ohi dela. Beraz, pentsatzekoa da lehenik Nikaraguako norbait etorri zela eta haren babesean besteak bertaratzen hasi zirela pixkanaka.
Hala ere, lehen aipatu dugun bezala, gure herrian gehiengoen taldea latinamerikarrek osatzen dute.
Erdigunean nagusi
Atzerritarren presentzia ez da handia gure herrian, eta gehiengoa erdigunean biltzen da. Hala ere, atzerritarrak populazioaren %7,3a badira ere, ezin da esan bertan ghetto edota kontzentrazio etnikorik dagoenik.
Herriko beste auzotan inmigranteen presentzia oso txikia da gainera.
Biziraupena
Inmigrazioa gora doan fenomenoa dugu, baina ez da aurreko hamarkadetan Espainiarrek beste lurraldeetara eginikoa baino gehiago. Jatorrizko herrialdean biziraupena zaila denean, gizakia, gizakia denetik, ongizatearen bila hasten da. Gure senak horrela eskatzen baitigu.