Amari eskaini zion txapela lasateoriatarrak: "lehenik eta behin musu handi bat bidaltzen det zuengana, (...) zu zarelako nire geroa eta nire iragana, zu zarelako niri bizitza behin oparitu zenidana, bertso batean ezin det esan zu niretzako zerana, baina hau behintzat esan dezaket, asko maite zaitut ama.
Txapelketa bitxia
Hernandorena sariketa berezia da, bi kanporaketak eta finala bertso afarietan erabakitzen dira, iparraldeko hiru lurraldetan. Kanporaketak Larresoron eta Donibane Garazin egin ziren eta finala Muskildin, Xuberoan, Lasarte-Oriatik autoz bi ordu eta gehiagora. Pozik zen Ane Labaka txapela jantzita: "honaino etorri gara dakiguna egin eta gero etxera gustura joateko asmoarekin eta txapelarekin gusturago joango naiz".
Sariak ere bereziak dira txapelketa honetan. 1948ko apirilaren 4an, Teodoro Hernandorenak antolatuta jokatu zen lehen aldiz Saran 22 bertsolariren artean (besteak beste Xanpun, Mattin eta Xalbadorrek hartu zuten parte) eta Xanpun txapeldunak txerri txiki bat eraman zuen saritzat. Hura oroituz edo, sari bereziak dira urtero gazteen arteko sariketa honetan. Iaz, Unai Gaztelumendi txapeldunak oilarra eraman zuen eta ondorengoek bildotsa, txerria eta oiloa. Aurten hiru azkenek hiruna untxi jaso zituzten bizi bizirik. Ane Labakak bildotsa eraman zuen baina jada hilik, Aimar Karrika bigarrenak bildots erdia eta gazta, eta Eneritz Arzallus hirugarrenak beste bildots erdia.
Zalantzarik gabe maila onean ari da Ane Labaka azken asteotan. Duela gutxi txapeldun ordea izan zen Algortako Abra sarian Jone Uriaren atzetik eta orain Hernandorena saria eskuratu du. Berak ere argi du txapelketak ezagun egiteko modua direla, baina saioetan gehiago gozatzen dela. Hurrengo aukera, maiatzaren 8an izango du Kultur Etxean Ttakunek antolatutako saioan.