Hitza da gure komunikabide oinarrizkoena. Hitza da gizakiok gizaki egiten gaituena, gure arteko harremanak ahalbidetzen dituena eta gure iritzia emateko gai egiten gaituena. Adibide moduan, euskarazko hitza da, kasu honetan, kontatu nahi dizuedana zuei helarazteko nire baliabide, nire tresna.
Maite duzun pertsona baten hitz soil bat izan daiteke eguna poztu dakizukena; eta aldi berean, gehien gorroto duzunak ere hiztegiko partikula txiki horren bidez egin diezazuke min gehien.
Hiztegi kontuetaz mintzo naiz, beraz, gaurkoan. Nahiz, gizaki izateko, jakin badakigun, hitz hauek modu egokian erabili beharra dagoela, orden baten arabera, koherentzia batekin,... Azken egun hauetan irakurri dudanak erakarri du nire arreta hala ere: koherentzia osoz erabiliriko hitzak ere, euskarazko hitzak, ezegokiak, legez kanpokoak izan omen daitezke. Hitzak debekatuak eta isilaraziak izan omen daitezke, nahiz ni, ziur naizen, nonbaiten hauek nahi dugun moduan erabiltzeko eskubidea bermaturik dugula irakurri izanaz. Adierazpen askatasuna deitzen zioten. Askatasuna. Hitza hau ere. Baina debekatua. Arriskutsua.
Hona hemen nire gaurko gogoeta. Noren hitza da zilegi gure gizartean beste batena isilarazteko? Noren hitza da guztiz egiazko, familia osoak sufriarazteko? Nik badut nire iritzia, eta beste baliabiderik ezean, hau ere hitzez adieraziko dut: Egunkaria aurrera!