“Egunkariaren itxiera inkonstituzionala izan zela frogatu da”

Txintxarri Aldizkaria 2010ko api. 16a, 02:00

Zazpi urte igaro dira Egunkaria itxi zutenetik. Epe luzea izan da, Egunkaria auziko epaiketa abenduan hasi zen eta, astelehenean, epaiketaren sententziak itxiera inkontituzionala izan zela dio. Orain, auzi ekonomikoa geratzen da eta horretan, Fernando Furundarena herritarra dago auzipetua. Harekin solaldia egin dugu, azken berriei eta bere auziari buruz gehiago jakiteko.

Egunkariako partaideok nola hartu duzue asteleheneko epaia?
Ilusio handiarekin hartu genuen. Jendeak oso animatua dago eta lasai.
Tentsioa handia izan da eta bide hori bukatzen ari dela ikusten dugu. Hala ere, ez da amaiera.
Epaia entzun ondoren, ikusten dugu bidea bukatzen ari dela eta eguzkia ateratzen dela.

Argi geratu da alrebeskeria handia izan zela, ezta?
Bai. Bermudezen sententzia irakurri ondoren, Egunkariaren itxiera inkonstituzionala izan zela argi geratzen da eta guretzat oso garrantzitsua da hori.
Gainera, Del Olmoren inspekzioa lotsagarria izan da. Del Olmok erabili zituen argudio guztiak, adituen txostenak, frogak... sententzian banaka deuseztatu dituzte.
Gainera, zituzten zantzu batzuk anbiguoak dira eta ikuspuntuaren arabera, gure aldeko edo aurkako izan daitezke.
Ez dugu ulertzen. Ez dute epaiketan esandako ezer frogatu. Eta orduan, zergatik itxi zuten Egunkaria?
Norbait gauza ilegalak egiten ari bada, hori atxilotu eta egunkaria mantendu. Ekonomikoki zerbait gaizki egiten ari dela, administratzaile judiziala jarri eta kitto. Zertarako egunkari bat itxi? Edo edozein komunikabide.
Honetaz gain, euskaraz zegoen egunkari bakarra zen, eta orduan irakurle sektore hori ere kaltetua izan zen.

Dena den, oraindik amesgaiztoa ez da bukatu, Epaitegi Gorenera jo nahi baitute Dignidad y Justicia eta Terrorismoko Biktimen elkarteak...
Bai, horrela da. Gurutze bide hau luzatzeko era da hori.
Sententzia argia izan ondoren ere, beti geratzen da kezka hori.
Hori sistematikoki egiten dute, haien helburua hau luzatzea da.
Nik ez daukat oso garbi egingo duten, bere irudia zikintzea izango litzateke.

7 urte itxaron behar izan dira epaiketarako, epe luzea benetan...
Lotsagarria da prozesu osoa hainbeste luzatu izana. Hau urte betean egin zitekeen. Hasieran, aztarnak zituztela esan eta epaiketan ez da horrelakorik frogatu, ez bankuko mugimendurik, ez ezer.
Prozesua hainbeste luzatzea eta epaiketak atzeratzea... Hori izan da guretzako bigarren kondena.

Nolakoak izan dira zazpi urte hauek?
Pisu handia izan dugu gure gain eta gure artean partekatu dugu, lagunekin, familiarekin... Azkenean, denon artean.
Izan ere, zuk bakarrik ezin duzu hori zure gain eraman. Gizartea, familia eta lagunek babesa eman eta horrekin aurrera egiten duzu. Bizi behar zara eta aurrera egin behar duzu derrigorrez.
Guztiok ongi igaro dugu. Beno, batzuk okerrago, paper hori tokatu zaielako. Ni ez naiz kartzelan egon, baina lankide batzuk kartzelaratuak izan dira eta zenbait torturatuak izan dira. Egoera desberdinak bizi izan ditugu.

Eskatuko al diozue Estatuari kalte ordainik?
Hori horrela ezin da geratu pentsatzen duzu eta sentimenduek kalte ordainak eskatzera eraman ahal zaituzte.
Baina lehenengo prozesu osoa bukatu behar da, helegiteak jartzen dituzten ikusi, gure epaiketa egin... Eta, gero, gure abokatuek aztertuko dute kalte ordainak eskatzeko aukera garbirik dagoen. Horrela bada, aurrera egingo dugu.

Zuri pertsonalki ez zegokizun sumario hau, auzi ekonomikoan sartu zaituzte, epai honen ondoren nola ikusten duzue afera? Lasai al zaudete?
Lehenengo epaiketako emaitza mantentzen bada, bigarren epaiketakoak lasai gaude.
Argi genuen, lehenengo sumario hau egin behar zela lehenik eta gero ekonomikoa, gurea. Bien arteko loturak daude eta horiek ongi azaltzeko horrela behar zuen.
Era horretara egin da eta terrorismoarekin loturarik ez dagoela argi geratu da. Horrek gure epaiketa errazten du.
Izan ere, guri dirulaguntzak eta BEZrekin zer ikusia duten delituak egotzi zaizkigu. Hor kaltetuak, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira. Ez bata, ez bestea ez dira akusazio bezala agertuko epaiketan. Beraz, akusazio popularra izango da, Dignidad y Justicia elkartearena.
Honetaz gain, Aldundiak txostena aurkeztu du deliturik ez dagoela esanaz. Beraz, ez dakigu zein izango den epaiketaren muina.

Oraindik ez duzue datarik, ezta epaitegirik...
Lehenengo Audientziak bere konpetentzia den edo ez erabaki behar du.
Konpetentea ez bada, Tolosako epaitegiari dagokio epaiketa egitea.
Printzipioz, Audientzian narkotrafiko kasuak, koroaren aurkako delituak, terrorismo kasuak... epaitzen dira.
Eta hori ez da gure kasua. Gu ekonomia delituengatik inputatuak gaude. Lehengo sumarioan terrorismoarekin loturarik ez dagoela frogatu denez, Audientziak epaiketa egitea ez du zentzurik.
Gipuzkoara epaiketa ekartzen badute ez da arazorik egongo.

Eskaera beldurgarriak egiten ditu akusazioak, zer deritzozu?
Gure kasuan, 26 urte dira gehienez akusazioak eskatzen duena. Zortzi auzipetuena batuaz, ia 200 urte dira. Eta diru kopurua ere gehiegizkoa da. Nire kasuan, 21 milioi euro eskatzen dituzte! Egunkariako balantzea 6 milioi eurotakoa zen! Beste inputatu batentzat 30 milioi dira.
Desoreka handia ikusten da eskaera horietan. Erabiltzen duten irizpidea gainera, aldatzen doa. Prozesu batean irizpide desberdinak daude, interesen arabera. Haiek nahi duten diru kopurura iristeko.

Jendearen babesa izan duzue 7 urte hauetan eta hori eskertzeko ekitaldi bat antolatu duzue, ezta?
Gizarte osoaren babesa izan dugu. Mobilizazio ugari egon da, ideologia desberdinetakoak gainera.
Ekonomikoki ere, jendeak asko lagundu du, kamisetak, pegatinak... erosi dituzte eta oso garrantzitsua da, prozesua osoa ordaindu behar dugulako, abokatuak, perituak...
Hori guztia eta jendearen berotasuna eskertzeko apirilaren 25ean festa egingo da Bilbon, Euskalduna jauregian goizeko 11:30ean. Han egongo gara eskerrak emateko.