Nire lagun kuttun Xabier-i
Hire anai gaztea nauk, Joxemari. Gaur ezin diat lorik egin, burua bueltaka darabilkiat denbora askoan, goizaldeko hiruak dituk, ohetik jaiki nauk eta ordenadorean eseri. Ez zekiat nondik hasi, gogoetak pilatu egiten zaizkidak.
Pertsona moduan, heure sendiaren maitale handia izatearekin batera, bi definizio hauek jarriko dizkiat:
Oriatar handia, batez ere Oriako Sorgin dantzaz maitemindua.
Anai handia, baina batez ere lagun handia eta adiskide hobea.
Oriatar handi gisa
15 urterekin hartu huen parte Sorgin Dantzan, auzoko gazteek osatutako taldearekin batera. Talde hau prestatu eta lehen aldiz ateratzen duk ospakizun handi bat zela eta, Brunet enpresaren ehungarren urteurren edo mendeurrenean.
Ondoren beste hainbat herritan eta jaialditan jarduteko eskatu zizueten. besteak beste, Donostiako Konstituzio plazan eta zezen-plazan.
1990ean Oriako zenbait lagun bildu zineten, Iñaki, Alfredo, Sebastian eta Felix Telleria lasartearra, dantza betikotu eta iraunarazteko helburu nagusiarekin.
1993tik aurrera San Pedro jaiak Sorgin jaiarekin hasten dituk, Oriatik atera eta Okendo plazan bukatuz, ibilbideko hainbat puntutan Sorgin Dantza eskainiz. Zenbat ordu eman ote dituk ume eta helduei dantza hau erakutsiz. Azken urtean ere, 2009an, parte hartu huen eta uste diat 200 baino parte hartzaile gehiago izan zinetela.
1994an, bazkari eder batean, aurkeztu zenuten Oriako Sorgin Dantzaren Lagunak Kultur Elkarte berria.
1997an, hainbat urtetan datuak biltzen aritu eta gero, Oriako Sorgin Dantza liburu bikaina aurkeztu zenuten Manuel Lekuona kulturetxean.
2002an Bruneteko lorategian bideo bat grabatu zenuten eta gero Kultur Etxean aurkeztu.
Hire Sorgin Dantzaz gain, 2000 urtetik aurrera, hire emazte Maritxu eta anai Joxe Mari eta Maribelekin batera, Oria auzoko 1948 urte inguruko errolda egiten parte hartu huen. Hain zuzen ere, 2005an aurkeztu nuen eta hi egile-kide hauen "Oria eta nire oroitzapenak" liburuaren oinarri izan zuan gero errolda hori.
2006an Antxon Aguirre Sorondoren "Oria, bizitza komunitatea, lan espazioa" liburuan parte hartu huen aktiboki eta gogotsu.
Dena ez duk Oriarekin lotua izan, kirolari eta kirolzale ona izanik, gogoan diat Ostadarren eskutik jaso huen oroigarri dotorea, hainbat urtean elkarte honek antolatutako pala txapelketan epaile izatearen esker onez .
Anai gisa
Beti zaindu duk anai txikia, batez ere, umeak ginen urteetan.
Lagun gisa, gure adiskidetasuna nik 17 urte nituela hasi zuan, Michelingo taldean futbolean elkarrekin jokatzen genuenean. Hainbat herritako futbol zelaietan zehar ibili gintuan. Joan etorri luzeetan, gure neska-lagunekin batera. Gogoan diat Gasteizera egin genian bidaia batean Oriako lau futbolari hiri honetan paseatzen: Prudencio bere bikotearekin, Iñaki Mertxerekin, hi Maritxurekin eta ni Maribelekin.
Futbola uztean batez ere Irungo Real Union eta Andoaingo Euskaldunarekin nik jokatu nizkian partidu guztietara joaten hintzen, Xabi semearekin batera.
Futbola bukatzen duk, gure seme-alabak jaiotzen ari dituk, eta hor hasi hituan asteburuetako gure irteerak. Maritxu eta Maribelek prestatutako jatekoak hartu eta mendialdera, beti ere, uretatik hurbil, hor gozatzen baitziaten gehiena gure seme-alabek.
50 urte baino gehiagotan elkarrekin joan gaituk ehundaka kirol ekitalditara: Lasarteko Krosera (harro hintzen lehen 50 urteetan bertan izanagatik) Kontxako estropadetara, zaldi lasterketetara (hona emazte eta seme-alabekin batera) eta Atotxa edo Anoetara gure bihotzeko Erreala ikustera.
Ezin dizkiat ahaztu etxean gure lagunik onenak izan diren Maitxu eta Maribelekin (biak emakume bikain eta apartak) edukitako tertuliak, ezta ondoren kafea hartzera Gure-Etxeara egindako irteerak ere.
Goizeko 7ak dituk, argitzen ari dik, kosta zaidak hastea, baina agurtzea, are eta zailagoa duk: soilik esan nahi diat hire ondoan, gure emazte eta seme-alabekin batera, nire bizitzako unerik zoriontsuenak pasa ditudala. Beti izango haiz nire lagun mina. Agur Xabier
Joxe Mari, 2010eko apirilaren 8an
erredakzioan itzulia