San Pedro jaietarako iradokizunak eta ekitaldiak

Txintxarri 2010eko apirilaren 16a

San Pedro jai parte-hartzaileak aurrera eramateko asmoz, Gazteria eta Festetako sailak hiritarren artean deialdia egin du dagoeneko beren proposamenekin parte hartu dezaten.
Bandoak jarri dira portaletan lasarteoriatarrei beren ideiak ematera animatuz. Apirilaren 19tik maiatzaren 6a bitartean aurkeztu beharko dira, idatziz eta proposamenaren egilearen datuekin Manuel Lekuona kultur etxean dagoen postontzi berdean.

Elkarteak

Era berean, San Pedro jaietarako proposamenak egiteko epea datorren apirilaren 20ra arte zabalik dagoela gogoratzen zaie elkarteei.
Aipaturiko proposamenak Udaleko Erregistro Nagusian aurkeztu beharko dira, 9:00etatik 13:00etara. Departamentu horrek xede horretarako prestatu duen eskaera-inprimakian aurkeztu beharko dira, bertan adierazi beharko direlarik entitatearen izena, bere arduradunaren datuak, jardueraren eguna, ordua eta tokia, aurrekontua, eta Udalaren aldetik beharrezko izango diren prestaerak.
Manuel Lekuona kultur etxean gaiari buruzko informazioa eta eskaerak egiteko inprimakiak emango dira.

Aztertu eta erabaki

Epe horiek amaituta, sailak ideia guztiak aztertu eta haietatik aurrera eraman daitezkeenak ikusiko du.
Departamentuak elkarte eta lasarteoriatar guztiak, eta gazteak bereziki, gonbidatu nahi ditu parte hartzera, modu horretan 2010eko San Pedro jaiak guztien gustura egin ahal izateko.