Ibilbide motza aukeratzen dutenek, Buruntzari buelta emango diote eta Andatzako pistatik igoko dira antenaraino eta hortik Lasartera egingo dute buelta.
Bestalde, 40 kilometroko luzerako bideak, Andatzara bitan igo beharko dute txirrindulariek, bata Zubietatik eta bestea Aiatik.
Indarrak berreskuratzeko
Ibilbidean zehar hiru gune egongo dira jan eta edatekoekin, bata Azkorten, bestea Andatzara bidean dagoen antenan eta bestea Aiako Andatza auzoan.
Proba bukaeran ere, nekea eta botatako izerdiak ahazteko jakiak eta edariak banatuko dira partehartzaileen artean.
Honetaz gain, partaide guztiek opariak izango dituzte, probako kamiseta eta sagardo botila bat, eta proba bukatutakoan opari desberdinen zozketa egingo da.
Izena-ematea
Izen-emateko 16 urte baino gehiago izan behar dira eta 20 euro ordainduko dira. Gaur bertan izena emateko aukera ere egongo da, goizeko 8:00etatik 8:30era, baldin eta 300 txirrindularien muga ez bada bete.
Txiki trabesia
Aurten gainera, etxeko gazteek, 7 eta 12 urte artekoek aukera izango dute mendi bizikletan ibiltzekoa. “Bazpi txirrindularitza eskolakoek proposatu zuten eta ideia ona iruditu zitzaigun,” aipatu dute.
Hauek 2,5 kilometroko ibilbidea egingo dute Zubietako frontoiraino eta buelta.
“Haurren arabera, multzoak egin eta Bazpi txirrindularitza eskolako kide batekin joango dira,” azaldu dute antolatzaileek.
Gaur goizean, 8:30tik 9:00etara izango dute txikiek ere izena emateko eta 5 euro ordaindu beharko dituzte.