100 ikasle inguru pasa dira lau urte hauetan bere estudiotik, eta adin oso bestelakoak zituztenak gainera. Margoak ez dauka adinik, 6 eta 65 urte bitarteko ikasleak izan ditu.
Margoaren teknikak erakustea du Davidek helburu, margoa espazioan kokatzea, tridimentsionalitatea, itzalak eta bolumena nola irudikatu behar diren bere ikasleei helaraztea.
35 ikasle daude momentu hauetan margoaren munduan murgilduta Estudio del Pintorren. Ikasleen gehiengoa helduak dira "argiago daukate margotzen ikasi nahi dutela gazteak baino" adierazten digu Davidek. Margotzen ikasten denean ondo pasatzea da garrantzitsua "jarraipen bat ematea eta kontent aritzea" gaineratzen du.
Margo munduan barneratzeko ez da beharrezkoa margotzen jakitea "probatzeko grina baizik" dio Davidek. Estudioan jende ugari dago pintzela inoiz hartu gabe hurbildutakoak eta gustura dabiltzanak "margotzeak lasaialdia eskaintzen du eta sozializazio faktore bat ere bada, jendea ezagutzeko aukera eskaintzen duena gainera”.
Pazientzia lortzen ikasten
Egun batetik bestera margotzen ikastea ezinezkoa da, beraz, “kurtso hauen bitartez pazientzia eta positibismoa edukitzen ikasten da” aipatzen du Davidek “pazientzia eta gogoekin gauza asko egin daitezke” gaineratzen du.
Oleoa nagusi
Oleoa, akrilikoa, ikatz-ziri edo lapitza teknikak erakusten badie ere "ikasle gehienek oleo teknika dute gustukoena. Esker oneko teknika dugu, beranduago lehortzen denez, zuzendu daiteke" dio Davidek. Kultur Etxean jarri duten erakusketan beraz, oleoak nagusi izango dira.
Imajinazioari eragiten
Gai zehatz bati jarraitu gabe, ikasle bakoitzak bere barneko desioei jarraiki sortu du erakusgai jarriko duen koadroa "gustura margotzeko bakoitzari burura etortzen zaiona margotzea da hoberena" dio Davidek. Izan ere, "margoa adierazpide bat da" gaineratzen du.
Lana eta gero...
Ordu asko sartu eta gero, azkenean euren lanaren fruituak erakutsiko digute Estudio del Pintorreko ikasleak. Bi hilabetez burututako lana, ikusleen juzkuen zain ditugu ostiraletik aurrera. Ez galdu aukera, eta hurbildu zaitez!
“Egin nuen lehenengo koadroa munduan jaso dudan opari bereziena izan da”
Luci B.S., Estudio del Pintorreko ikaslea
Luci duela bi urte eta erdi hasi zen Estudio del Pintorren. Margoaz inolako jakintza gabe hasi da mundu honetan barneratzen, eta egun eman dituen aurrerapausoak nabariak dira oso. Gaur Manuel Lekuona kultur etxean jarriko den erakusketan bere bi lan izango ditugu ikusgai
Nola sartu zinen margoan?
Ez nengoen nire bizitzaren momentu onenean, depresio batean murgilduta nengoen eta ingurukoak gauzak egiteko aholkatu zidaten. Denbora bete behar nuen, eta margoak asko lagundu zidan. Ezer ez jakin gabe hasi nintzen, ez zitzaidan inoiz burutik pasa egun egitera iritsi naizena egiteko gauza izango nintzenik.
Zer sentitu zenuen lehenengo koadroa amaitzerakoan?
Munduko oparirik handiena izan zen niretzako. Paisai bat zuhaitza eta errekarekin zen. Hori egiteko gai nintzela ikustea zoragarria izan zen.
Nola ikusi duzu zure eboluzioa?
Salto handia eman dut hasi nintzenetik. Pertsonalki eta trebezian. Sari handia da zure kreazioa ikustea.
Esperientzia gomendatuko zenuke?
Noski, oso osasungarria da. Ondo pasatzen duzu, oso bestelako jendea ezagutzen duzu. Pazientzia edukitzen, eta talentu bat garatzen ikasten duzu gainera. Pertsona helduentzat oso gomendagarria dela esango nuke. Etxetik irten eta zerbaitetan hasiz.
Zuri asko lagundu dizu...
Eta beste askori ere ondo egin dakioke.