Haurrentzako ipuin musikala gaur kultur etxean

Txintxarri 2010eko apirilaren 19a

Lurbira Òpera taldeak musika eta antzerkia ekarriko du gaur arratsaldeko 18:00etan Manuel Lekuona Kultur etxera.
Kutxak babestutako ekimen hau kontzertu pedagogikoa dugu eta kultur etxera gerturatzen diren herritarrek ipuin berezi bat ikusteko aukera izango dute, Euskal ipuin bat, hain zuzen ere.

Haurrei zuzendua

Ikuskizun hau haurrak, musika klasikoaren eta kantu lirikoaren mundura hurbiltzeko asmoz sortua da.
Izan ere, genero hori itxuraz elite baten eskura dago soilik eta ulergaitza dirudi askorentzat.
Horregatik, kontatzen ari diren istorioa haurrek hobeto ulertzeko, Lurbira Òpera taldeko lagunek kantatutako eszenak eta hitz egindakoak tartekatuko dituzte musikal modura.

Istorioa

Aita Donostiak harmonizatutako abesti herrikoietan oinarritutako lana da Euskal ipuin bat.
Eta istorioari dagokionez, ihesean Behe Nafarroako herri batera iritsi den agote baten bizipena azaltzen du.
Haserre dago agoteek herreitan jasaten duten bazterkeriarekin eta bidegabekeriekin.
Mendekua hartzeko prest dago, eta inguruko emakume guztiak liluratzen saiatuko da ahalik eta ondorengo gehiago edukitzeko.