Galdera asko denbora gutxian

jon-altuna 2010eko apirilaren 19a

Markel Olano diputatu nagusiak bi ordu egin zituen ostegun arratsaldean Lasarte-Orian, batetik bere gobernuaren lehentasun eta asmoen berri ematen eta bestetik herriko elkarte ezberdinetako ordezkarien kezka nagusiei erantzuten. Horrela, aste batzuk barru ospitaletara autobus zerbitzua jarriko dela eta 2013rako Zubietan erraustegia egingo dela ziurtatu zuen. Ehun lagunetik gora elkartu ziren Kultur Etxean eta normala denez denbora gutxi izan zen asko izan baitziren galderaren bat egin nahi ziotenak. Jesus Maria Zaballos alkateak, zenbait zinegotzik eta hainbat herritarrek parte hartu zuten “Gipuzkoako Foru Aldundia Zure Herrian” izeneko ekitaldian.

Herriz herri ari da Markel Olano diputatu nagusia bere agintaldiko lehentasunen berri ematen batetik, hiritarren kezken berri izan eta hauen zalantzei erantzuten bestetik, eta aurreko ostegunean Lasarte-Orian izan zen Eneko Goia azpiegituretako diputatuarekin batera.
Ekitaldian izan ziren Jesus Zaballos alkatea, zenbait zinegotzi eta herriko elkarteetako ordezkariak, besteak beste auzo elkarte, erraustegiaren aurkako plataforma, Zubietako eskolako guraso, Michelingo langile eta zaharren Biyak Bat elkarteetakoak. Hauek behintzat galderak egiteko aukera izan zuten eta eztabaidaren uneren batean alkateak berak, Txanpi Baztarrika ezker abertzaleko zinegotziak eta Ricardo Ortega Ezker Batukoak ere parte hartu zuten.
Baliabide asko erabiltzen ditu Foru Aldundiak Gipuzkoako Foru Aldundia Zure Herrian egitasmoan, aurrez grabatutako bideoak eta bertan grabatutako irudiak tartekatuz pantaila erraldoi batean.
19:00etan hasi zen ekitaldi publikoa, aurretik herriko kazetariekin solasaldia eduki zuten bi politikariek, eta 20:30ak pasa zirenean amaitutzat eman behar izan zuten ekitaldia, ordu bete beranduago zine-forum saioa zegoelako. Beraz, bertan ziren batzuk galdera egiteko aukerarik gabe gelditu baziren ere, hainbat gai jorratzeko aukera izan zen: Ospitaletara autobusa, errauste planta eta zaborren kudeaketa, errepide sarea eta krisi ekonomikoa izan ziren besteak beste proposatu ziren gai nagusiak.
Markel Olano eta Eneko Goiak Diputazioaren lanari buruzko azalpenak eman ondoren galderak egiteko aukera eman zuten. Auzo elkarte bateko ordezkariak proposatu zuen lehen kezka Lasarte-Oria ospitaleekin autobusez lotzeko aspaldiko eskaera izan zen eta Markel Olanok maiatzaren erdialdean Ospitala-Lasarte-Zubieta-Usurbil autobus lerro berria martxan jarriko dela aurreratu zuen.

Erraustegia

Zaborren kudeaketaren gaia jorratu zuten ondorengo minutuetan, eta argi gelditu zen herritar asko zaborra erre baino beste alternatiba batzuen aldekoak direla, atez ateko bilketaren aldekoak esaterako, baina Diputazioak jarrera argia duela ere ikusi zen. Olano eta Goiak adierazi zuten Udal bakoitza zaborra biltzeko nahi duen sistema erabiltzeko libre dela, baina euren ustez zabortegia baino errausgailua sistema egokiagoa dela eta 2013an Gipuzkoako zabortegi guztiak itxita egongo direnez ordurako Zubietako erraustegi planta zabalik egongo dela ziurtatu zuten.
Era berean, 5. edukiontzia jarriko dutela aurreratu zuten zabor organikoa biltzen eta konpostatzen hasteko, helburua %10ean jarriz. Bi politikarien ustez Gipuzkoak birziklatze aldetik maila altua du, %42 birziklatzen da eta %46ra iritsi nahi dute.
Erraustegiaren aurkako plataformako bi ordezkarik eta Rikardo Ortega zinegotziak, eman zuten euren iritzia. Besteak beste erraustegian 400 milioi euro erabiliko direla, CO2 asko askatuko dela, herritarren kezka eta zalantzak zein 35.000 sinadura ez direla batere kontutan izan eta alternatibak badaudela adierazi zuten Usurbilgo adibidea aipatuz.
Azpiegituren gaiak ere sortu zuen eztabaidarik, eta auzo elkarte bateko ordezkariak zenbait kontu planteatu zituen, zarataren aurkako panelak esaterako. Bere iritziz, azpiegitura, errepide eta bidegurutzez inguratuta dago Lasarte-Oria baina batetik lasarteoriatarrak bizikletaz ez dauka Donostiara joaterik bidegorririk ez dagoelako eta bestetik herritar askok trenez ere ez Oria inguruan ez dagoelako geltokirik. Horregatik Donostiako metroa egiten bada, Orian geltokia jarri eta Andoaineraino segi dezala eskatu zuen.
Eneko Goiak erantzun zion, batetik bidegorriaren egitasmoa aurreratua dagoela eta Errekalde inguruan libre geldituko den trenbidea erabiliko dela bidegorria zabaltzeko eta bestetik metroa ez dela metro Donostialdea izango metro Gipuzkoa baizik.
Michelingo langile batek enpleguaren gainbehera planteatzean Markel Olanok Jesus Zaballos-i eman zion hitza eta hau industrialde-proiektu bitaz mintzatu zen, Michelingoa bat 200 lanpostu inguru sortzeko helburuarekin eta Teresategikoa bestea. Olanori laguntza ere eskatu zion egitasmo hauek aurrera eramateko.

Zazpi erronka nagusi

Ekitaldiaren hasieran Markel Olano eta Eneko Goiak euren politika erronken berri eman zuten. Hasteko Olanok adierazi zuenez, inkesta baten arabera gipuzkoarren %79,5ek ez dauka konfiantzarik politikariengan: "Datu deigarria da, eta gure sistemak bizi duen krisi egoera erakusten du. Urruntasun horri nola edo hala aurre egin beharrean gaude, eta saio hau helburu hori lortzeko ekintza bat gehiago da".
Olanok eta Goiak Foru Aldundiaren zazpi lehentasunen berri eman zuten: mugikortasuna eta komunikazio azpiegiturak; lurralde ezberdinen arteko oreka; ingurumenaren zainketa; nortasuna sakontzea; bizikidetza, ongi izatea eta elkartasuna; garapena eta konpetitibitatea; eta azkenik, bakea eta normalizazio politikoa.
Azpiegiturei buruz, adierazi zuten lehen erronka Gipuzkoako errotonda osatzea dela, Donostiako bigarren saihesbideko lanak amaituz. Dena den Eneko Goiak adierazi zuen ezin dela Gipuzkoa asfaltoz bete eta garapenak muga bat daukala. Aldundiaren beste apustu batzuk dira, garraio publikoa (hau bultzatzeko lurralde-bus-eko beherapenak), trena (Abiadura Handikoa baita merkantziak garraiatzeko ere) eta bidegorriak (oraingo 100 km-tik 400 km-ra pasatuz).

Parte hartzeko aukera

Kultur Etxeko ekitaldian izan zirenei galdetegi bat pasa zitzaien. Beraz parte hartzeko eta herriko zein Gipuzkoako arazo nagusiak proposatzeko aukera izan dute. Foru Aldundiak aitortu du emaitzak publikoki aurkeztuko direla eta kontuan izango dituela etorkizunean.
Galdetegi horrezaz gain, www.zureherrian.net webgunea eta kabinetea@gipuzkoa.net posta elektronikoa ere herritarren eskura daude euren iritzia eman eta ekarpenak egin ditzaten. Informazio hori zabaltzeko beste zenbait kanal ere ireki dira: Facebook, Twitter edota Youtube esaterako. Horrela, Lasarte-Oriako saioaren zuzeneko jarraipena egin zen Twitter-en, #zureherrian etiketaren bidez.