Herrian, zein herritik kanpo hamaika abentura bizitzeko aukera ematen dute udaleuek, inor ez aspertzeko modukoak.
Adinaren araberako programak, jokoak, irteerak... Uda ona pasa eta lagun berriak egiteko aukera paregabea.
Etxeko txikientzat Udako Txokoak daude eta gaztetxoentzat, berriz, Mendigorriako udaleku itxiak eta kanpaldiak daude uztailean.
Ez geratu etxean eta anima zaitezte.
Izena ematea eta agiriak
Jarduera hauetarako izen ematea Ttakun Kultur Elkartean, Geltoki kalea 4, edo www.ttakun.com web orriaren bitartez egin ahal izango da, maiatzaren 19a arte.
Aurkeztu beharrezko agiriak kasu guztietan izena-emate orria betea eta Gipuzkoako kutxan 2101 0048 25 0010089696 kontuan diru-sarrera egin izaneko ordainagiria edo Ttakun bulegoan bertan txartelarekin ordaindu izanaren agiria.
Udako Txokotako HH5 eta LH6 maila arteko haurrek, agiri horietaz gain, kiroldegiko txartelaren fotokopia aurkeztu behar dute. Eta Mendigorria eta Kanpaldietako gazteek, berriz, nortasun agiriaren fotokopia.
Informazio gehiago eskuratu nahiez gero, Ttakun Kultur elkarteko bulegoan, 943 371 448 telefono zenbakian edo www.ttakun.com orrialdean dago aukera.
Hamaika abentura bizitzeko aukera Udako Txokoetan
Etxeko txiki eta gaztetxoek herrian eta inguruan ederki pasatzeko aukera dute Udako Txokoetan.
2 urtetik 12 urtera, abuztuan eta uztailean, adinaren araberako programa ezberdinak egin ahal izango dute, jolasak, irteerak, tailerrak eta azken eguneko festa.
Uztailean, adinaren arabera, Landaberriko Garaikoetxe eraikinean edo Sasoetako -Zumaburuko Sasoetakoan bilduko dira haurrak. Honela, HH2 mailatik LH2-ra Garaikoetxean izango dute bilgunea eta Sasoetako ikastolan, berriz, LH3 eta LH6 maila arteko gaztetxoak. Abuztuan, berriz, guztiak Garaikoetxean bilduko dira.
“Ikastolak bilgune izango dira bakarrik. Ekintza gehienak kanpoan egingo ditugu, beti ere, eguraldia lagun badugu,” azaldu digute antolatzaileek.
Programak
“Txikiek, HH2 eta HH4 mailetako haurrek bere psikomotrizitatea lantzeaz gain, bere ingurua ezagutuko dute. Horretarako herriko parke desberdinetara joango dira,” azaldu dute.
5 eta 7 urte arteko haurrek, aldiz, taldea sortzeko dinamikak eta kirol desberdinak probatzen doaz.
Gaztetxoetan, azkenik, lagun taldeei garrantzia eman eta harreman hori sendotzea lantzen da jolas eta abentura ekintza desberdinekin.
Goiztxoko zerbitzua
Udako Txokoen ordutegia 10:00etatik 13:00etara da.
Baina, haurra ordu horretan eraman ezin dezaketen gurasoek, badute ordu bete lehenago txokoetan uzteko aukera, Goiztxoko zerbitzua baitago.
Honetan, haurrek beste taldeetako umeekin harremana izateko aukera dute eta marrazkiak eta jolasak egitekoa.
Aspertzeko astirik ez dute izango, beraz, Udako Txokoetan.
Mendigorria eta KTG kanpaldiak gaztetxoen gozamenerako
Herriko gazteek, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBH4 ikasten dutenek, ordea, aukera desberdinak dituzte.
Mendigorria
Batetik, Lehen Hezkuntzako gaztetxoek Mendigorriako aterpetxean primera gozatzeko aukera dute uztailaren 3tik 14ra.
Irteera honen helburu nagusiak, batetik Lasarte-Oriako 9-12 urte bitarteko haurrei herritik kanpo aisialdiaz euskaraz gozatzeko aukera eskaintzea eta bestetik hiri ingurunetik atera eta ingurune naturalago batean murgiltzeko aukera izatea, elkarlana eta elkarbizitza bultzatuz. Egonaldiak haurren hizkuntza erabilera lantzeko baliagarria izan nahi du ere, hizkuntza ohituretan aurrera pausoak emateko eta euskararekiko duten jarrera eta motibazioa lantzeko.
Mendigorriako aterpetxeak zerbitzu ugari eskaintzen ditu : igerilekua, futbol zelaia...
Txirrindarekin mendi irteerak, bibak, ur ekintzak, gaubelak bakoitzak bere mailara egokituak... milaka abentura bizitzeko aukera izango dute aterpetxean, zein irteeretan. "Iaz, esate baterako, oso ongi pasa zuten haurrek Senda Vivako irteeran eta aurten ere, horrelako zerbait egitea pentsatu dugu," azaldu digute aisia sailetik.
Aurtengo berrikuntza, 11-12 urtekoek Nafarroa tour egingo dutela da. Lau eguneko ibilbidea izango da, aterpetxetik kanpo egingo dute lo eta Mendigorria inguruko herri, zein inguruak ezagutuko dituzte gaztetxoek.
Kanpaldi hauen iraupena 12 egunetakoa izaten da eta haurrek primeran pasatzen dute, baina badirudi motz samarra gelditzen dela eta horregatik aurten ere egonaldiaren ondoren udaleku irekietan jarraitu ahal izango da.
"Lagunekin jarraitzeko aukera dute. Gainera, udaleku itxietako begirale batekin egongo da talde hori," azaldu dute antolatzaileek.
KTG Kanpaldiak
DBH1 eta DBH2 mailetan dauden ikasleek uztailaren 19tik 30a bitartean, Kantauriko kostaldeko abordaia egingo dute.
Lasarte-Oriatik Bermeora egingo dute ibilaldia Kuadrillategiko gaztetxoek.
Baina ez da guztia ibiltzea izango, ibilbidean zehar ekintza ezberdin eta interesgarriak burutuko baitituzte, ur eta abentura kirolak, mendi ibilbideak ...
Aurtengoan ere, kanpaldi hauek beste elkarteekin antolatu dira, modu honetara Lasarte-Oriako gazteek Aretxabaleta eta Durangoko lagun berriak egiteko aukera izango dute.
Bestalde, Iparraldeko kostaldea izeneko jarduera dago, uztailaren 4tik 15 era.
Hau DBH3 eta DBH4 dauden KTGko ikasleei zuzenduta dago eta Baiona eta Donostia arteko kostaldea ezagutuko dute gaztetxoek.
Hainbat ur eta aberntura kirol eta mendi ibilaldi egingo dituzte. Azken egunean, gainera, KTG jaialdia ospatuko dute.
Hauetan ere, beste herritako gazteekin harremanak sendotzeko aukera paregabea izango da, Durango eta Elgoibarko gazteekin, hain zuzen ere.
Ikaztegietako irteera eta Amaraun jaialdia udako ekintzen aurrekari
Baina udako oporretarako oraindik hilabete batzuk falta dira eta haur eta gaztetxoak prestatu daitezen bi ekintza nagusi antolatu ditu Ttakunek, batetik Ikaztegietako irteera eta, bestetik Amaraun jaialdia.
Ikaztegietako irteera
Lasarte-Oria eta Ikaztegietako 9 eta 12 urteko 80 bat gaztetxo hiru egunetako elkarkidetza izan zuten martxoaren amaieran.
“Batzuentzat, lehenengo irteera zen, besteentzat udako lagunekin bat egiteko aukera,” azaldu digute antolatzaileek.
Ekintzak
Herria ezagutzeko jolasak, ingurumena ezagutzeko jokoak, gaubelak, tailerrak eta lo Ikaztegietako frontoian egin zuten.
“Haurrek primeran pasa zuten, haien jarrera ona izan zen, ongi moldatu ziren guztiak eta denerako prest agertu ziren,” azaldu dute Ttakuneko aisia saileko kideek.
“Talo tailerra izan zen arrakasta gehien izan zuena. Gainera, herriko gurasoek antolatutakoa zen. Hor egon ziren haurrak taloak egin eta jan,” atxiki dute.
Eskerrak
“Ikaztegietako Udalak eta herritarrek harrera ona egin ziguten joan ginenean. Gainera, erraztasun guztiak eman zizkiguten, baita haien laguntza ere. Eta hori eskertzekoa da,” onartu dute antolatzaileek.
Amaraun jaialdia
Era berean, larunbata honetan, Amaraun jaialdia antolatu dute Michelingo frontoian.
Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:00etara hamaika abentura proposatuko zaie kiroldegira gerturatzen diren haurrei.
Puzgarriak, tailerrak, Amaraun ludotekako txokoa, Ezti, Lur eta Markoren ekitaldia eta, 18:00etatik aurrera, Txorro eta Morroren dantzaldi berezia.
Bazkari ofiziala
Hau guztiaz gain, Amaraun klubeko bazkari ofiziala egingo dute, 13:00etan, pilotalekuan bertan.
2002 eta 2004 urte bitarteko bazkideak daude gonbidatuak bazkari berezi honetara, izan ere, doan da.
Honetan parte hartzeko egin behar den gauza bakarra Ttakuneko bulegotik pasa edo 943 371 448 telefonora deitu eta izena ematea da.