"Azken urteotan, herrian, presoen egoera isil samar egon da eta elkartasuna zigortzen ari dira. Itxialdian bertan parte hartuko dute presoek, fisikoki ezingo dute noski, baina aukera eman zaie herriko preso guztiei eskutitz baten bidez, euren ekarpenak egin ditzaten. Besteak beste, herriko presoek idatzitako testuak irakurriko dira".
Egitarau sendo eta zabala ere prestatu dute: larunbateko arratsaldeko 20:00etatik igandeko goizeko 8:00etara besteak beste, Iñaki Egaña, Gotzon Garmendia, Iñaki Soto eta Iñaki Gil de San Vicentek emango dituzte hitzaldiak. Gau osoko egitarauan bideoak ere emango dira.
Antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte, parrokian gaua pasa dezaten hitzaldietan parte hartuz. Gainera euren ekarpenak egiteko aukera ere izango dute, hurrengo egunean bertan entzundako iritzi guztiak laburbilduko dituen komunikatu bat ateratzeko asmoa baita.
Elizan aspaldi bezela
Itxialdia egiteko parrokia ez da kasualitatez aukeratu: "Esanguratsua da Euskal Herrian errepresioaren garai gogorrenetan elizak izan zirela babesleku garrantzitsuenak, eta gaur egun ere egoerak horretara bideratu gaitu, eliza babesleku bihurtzera alegia. Presoak aipatzea bera kriminalizatu egin da, presoei elkartasuna adieraztea momentu honetan erabat ilegala da. Elizak aukera eman digu bertan burutzeko eta bertan burutuko dugu. Herrira irekitzeko modu bat ere bada" adierazi digute ekimenaren bultzatzaileek.
Bestalde, presoek beraiek izan duten harrera ona aipatu dute. "Euren eskutitzetan esker ona adierazi dute, herrian horrelako ekitaldi bat antolatzeagatik. Babesa emango zaie, beraiek izan dira itxialdiaren berri izaten lehenak eta ekarpen zuzena egiteko aukera dute. Hori guztia beraientzat garrantzitsua izan da".
Presoak borrokan
Une honetan Lasarte-Oriako 13 presoetatik bost daude borrokan. Txandakako gose grebak eta borrokaldia egiten ari dira presoak, zigorra beteta duten presoak eta gaixo daudenak kaleratzeko, presoak bizi ziren herri ondoko kartzelatara gerturatzeko eta senideen aurkako kontrol, miaketa eta beste tratu desegokiak bertan behera uzteko eskatuz. Hiru multzotan banatu dituzte kartzela guztiak eta borrokaldian dauden kartzelek lau hilabeteko txanda betetzen dute.
Lasarte-Oriako kasua berezia da espetxealdi luzea bete duten zenbait presori zigorra jada beteta zutenean Parot doktrina aplikatu zaielako. Hain juxtu lau preso dira egoera horretan, Ina, Niko, Txurdi eta Mitxel. Laurek 23 urte bete dituzte kartzelan.
Urrian kartzelan 23 urte beteko dituen Santi Arrospidek zigorra bete gabe dauka baina jada Parot doktrina ezarri diote berari ere. Juankarrek 21 urte bete ditu eta Xabi Gallaga, Ibon Etxezarreta, Carrasco, Ibon Iradi, Pello eta Aitzol Iriondok jada espetxealdi luzerako bidea hasia dute.
Datorren larunbatean, hilaren 24an afari merienda eta elkarretaratze batekin hasiko da itxialdia arratsaldeko 20:00ak eta 21:00ak bitartean, ordu horretan sartuko dira elizara eta hurrengo goizeko 8:00etan amaituko da itxialdia.