Ba al dakizue zer den lirika? Horrela hasi zen atzo Manuel Lekuona kultur etxean arratsaldeko 18:00etan etxeko gaztetxoenentzako prestaturiko kontzertu pedagogikoa.
Ume eta guraso ugari bildu zen kultur etxean Euskal Ipuin Bat izeneko kontzertuaz disfrutatzeko. Isiltasuna nagusi argia itzali eta kontzertua hastera zihoala. Aurkezlea lirikaren nondik norakoak esplikatzen saiatu zen, baina lirika zer den ulertzeko kontzertua entzutea hoberena. Horretarako, kantatutako eszenak eta hitz egindakoak tartekatu zituzten musikal modura, kontatzen ari ziren historia guztiok uler zezaten.
Ordu betez egon ziren Lubira Talde Lirikokoak Euskal ipuin bat opera interpretatzen. Aita Donostiak harmonizatutako euskal herri-kanten musikarekin lagundua egon zen emanaldi osoa.
Seguraski hurbildutako gaztetxo eta hain gaztetxoak ez zirenak ere, atzoko kontzertuari esker lirika zer den eta ze soinu den hobeto jakingo dute.