21 Izar Agirretxek irabazi du Motxian eby SMS lehiaketako saria

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 21a

“jrr skin sku zr zkrrk srbldn t zkr sku zr skink srbldn, hr dz nr bsarkdrik gxen”, hau da Buruntzaldeko Udalek sustatutako Motxian eby SMS lehiaketako Lasarte-Oriako mezu garailea.
Horrelako mezuetara ohituak ez daudenentzat, “Jarri eskuin eskua zure ezkerreko sorbaldan eta ezker eskua zure eskuin sorbalda, hor duzu nire besarkadarik goxoena” dio goiko geroglifikoak.
Landaberri BHI Institutuko Izar Agirretxek idatzitako mezu horrek lortu du lehiaketako saria, ukitzeko pantaila duen sakelako telefonoa.
Eta, azteazkenean, Manuel Lekuona kultur etxean egin zen sariaren banaketa. Rikardo Ortega Euskara Batzordeko lehendakariaren eskuetatik jaso zuen Izarrek bere saria. Eta, “benetan, niretzat zaila da mezu horrek zer dioen jakitea,” aipatu zuen Euskara Batzordeko buruak.

Ekimena

Buruntzaldeko Udalek antolatutako lehiaketa honek gazteen arteko komunikazio informaletan euskara erabiltzea bultzatu nahi du.
Honela, Adur Larrea komikigilearen saioetan jasole izan diren Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Urnietako DBHko ikasleek parte hartu dute lehiaketan.
Saio hauetan euskarak, teknologia berrien ondorioz, hau da Interneta, txatak edo segapotoak, aldaketak bizi dituela eta harremanetarako modu zahar eta berria daudela azaldu zien gazteei.
Horretaz gain, lehiaketari buruz hitz egin eta gaia azaldu zien, “gustuko duzun horri bidaliko zeniokeen mezua,” idatzi behar zutela.
Eskualdeko orrialdera, 100 gaztek 240 mezu bidali dituzte. Buruntzaldeko herri bakoitzeko onena aukeratu da eta irabazle bakoitzak sakelako telefonoa jaso du sari gisa.
Lehiaketako sarituak zeintzuk diren jakiteko eta haien mezuak irakurri ahal izateko www. buruntzaldea.org orrialdera jo eta bertan dago guztia argitaratua.