Joan den astean, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako gonbidapenari erantzunez, Zure Herrian, izeneko ekitaldira herritar mordo bat inguratu ginen Manuel Lekuona Kultur Etxera.
Gure herrian, gizarte mailan hainbat ekimenetan lanean ari diren hainbat herritar bildu ziren bertan.
Diputatu nagusiak aurkeztuta, Foru Aldundiak eskualde honetan egiten ari den eta etorkizunean egiteko dauzkan asmoak entzun, zetozkien azalpenak eskatu, eta kezkak, kexak eta ekarpenak azaldu zituzten bertaratutako hainbat herritarrek.
Baina, ni, gaur ez nator berri hori ematera, ni asko harritu ninduen beste gertakizun bat baizik.
Jende artetik, dozena bat herritarrek (Zubietako bat tartean zela) parte hartu zuten diputatu nagusiarekin izan zen elkarrizketa edo solasaldian eta hemen azaltzen dut nire gaiaren muina; alegia, hitza hartu eta elkarrizketa edo solasaldian parte hartu zuten guztiak gizonezkoak izan zirela.
Zergatik gertatu zen hori? Hori al da, sexu aldetik neurtuta, Lasarte-Oriako gizartean lanean (gehienak muxu-truk) ari diren bizilagunen ordezkaritza egokia? Ez horixe.
Nik, han ikusitakoa azaltzen dut, eta hori ikusiko zuten, bertan zeuden beste guztiek ere, nahiz denok jakin, gizartean, boluntarioek dohaineko lanean somatzen dutena oso bestelakoa dela, eta hura guztiz errealitate erratua izan zela. Zergatik agertu ziren pantailan gizonezkoak bakarrik?
Sebastian Kerejeta