Herritarren partehartzea sustatzeko sistema berria aurkeztu du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 23a

Iradokizunak eta kexak egiteko orrialdea aurkeztu zuen alkateak astelehenean eskaini zuen prentsaurrekoan. Herritarren parte hartzea sustatzeko ekimena da hau eta ez da Udalak aurrera eramango duen bakarra. Izan ere, herriko elkarteekin bilduko da alkatea bera haien beharrei buruz jakiteko.

“Herritarrek kalean geratzen gaituzte bere kexak eta proposamenak egiteko, baina asko ez dira hurbiltzera ausartzen. Erregistroa oso formala iruditzen zitzaigun gauza hauetarako, eta horregatik beste bide bat sortu dugu,” azaldu zuen Jesus Zaballos alkateak.
Sistema berria iradokizun orrialdea da. Honetan herritarrek haien kexak, txorko bat gaizki dagoela adibidez, idatzi eta Udaletxeko harreran dagoen postontzi berdean utzi edo iradokizunak@lasarte-oria.org helbide elektronikora bidali behar dute.
Eskutitz hori dagokion sailari bideratuko zaio eta arduradunak erantzungo duela, aurreratu zuen.
Iradokizun orrialdea Udaleko harreran egongo da eskuragarri, baita www.lasarte-oria.org orrialdean ere.
Hala ere, egun hauetan etxeetara iritsiko dela eta noizbehinka orrialdearen bidalketak egingo direla, azpimarratu zuen alkateak,

Partehartzea

Era honetara, herritarren partehartzea sustatu nahi du Udalak.
“Herriaren kudeaketa guztien artean egitea da helburua. Herritarrek partehartzeko bideak bilatu behar dira,” adierazi zuen alkateak.
“Hasieran herritarrei kostako zaie, baina ohitura sortu behar da. Izan ere, jarraipena emango zaio egitasmoari,” aipatu zuen.

Elkarteekin bilerak

Era berean, elkarteei gerturatzeko eta beren kezkak eta proposamenak zuzenean ezagutzeko, alkatea banan-banan bilduko da udalerriko talde ezberdinekin.
Aste honetan, bizilagun elkarte batzuekin bildu da eta aurrerantzean, kiroletako elkarteak, kulturakoak eta elkarte sozialekin hitz egingo du.
Horietako gehienekin dagoeneko lan egin badu ere, Gazteria eta Festetako eta Kiroletako sailetan, lehenengo harreman zuzena izango da alkate bezala eta elkarte bakoitzaren egoitzara joango da.
Bertan beren kezkak ezagutuko eta lan ildo jarrai bat sortzeko oinarriak jarriko direlarik.