Olatu talka?

pablo-barrio 2010eko apirilaren 23a

Olatu Talka iragartzen dute asteburu honetarako gure herri ondoko hiriburuan. Bai, Europako Kultur Hiriburua izateko lehian ari den horretan. Bat-batean, 100 kultur emanalditik gora hiru egunetan. Hori tripakada! Herriko plazara joan eta hiru egunetan 100 solomo jatea bezalakoa, ezta? Mozoloen iparra den Guinnes Liburuan agertzeko ondo, baina urdailarentzako, ño...! Bihotzerrea! Ba, kultur betekadekin antzeko padezimiento: zarata sano bai, osasun kulturala ordea... makal!
Hor ari dira, hala ere, hedabideetan agertzeko irrikan, Kultur Hiriburuaren izendapena lortzeko lehian. Horretan krisirik ez. Horretarako badago dirurik. Zure herriko edo auzoko kultur ekimena aurrera ateratzeko errifak egin beharko dituzu, baina kulturako Guinnes-etan argazkitxo bat lortzeko... hor ez da diru eskasia nabaritzen.
Galderak pilatu egiten dira, noski, eta argal samar izan zutabe hauek. Izendapen hori tartean egongo ez balitz, izango genuke ikuskizun horietatik gozatzeko aukera? Ikusle eta partaide horiek guztiak zer dira, marketin baten beharrezko apaingarriak? Hori da eredua? Kultura bera marketinaren tresnatzat hartzen duena?
Ez dut uste hori bidea denik, kulturgintzan ere auzolana da bide jatorrena. Bertsolariei zor diegu irakaspen hori.
A! Gaur Liburuaren eguna dela aprobetxatu eta libururen bat erosi eta irakurri. Edo ez erosi baina irakurri. Irakurri ez denborapasan bakarrik, nahiz eta denborapasan ere bai, baina irakurri-irakurri.