23 Lasarte-Oriako maketa lehiaketako hirugarren edizioa martxan dago

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 23a

Madrilgo Son of the Rock, Boogie Van, herriko Gaueko Itzalak eta Plastic taldeak izan dira aurreko urteetan Lasarte-Oriako maketa lehiaketan saria lortu eta San Pedro jaietako amaiera kontzertua eskaini dutenak. Aurten, III. edizioa martxan jarri du Lasarte-Oriako Udalak eta aurreko urteko arrakasta izatea espero du.

83 musika talde aurkeztu ziren iaz II. Maketa Lehiaketara, eta arrakasta hori ikusita, Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria eta Festetako sailak lehiaketaren edizio berria antolatzea erabaki du.
Duela hiru urte jarri zuen martxan ekimen hau Gazteria eta Festak sailak, asmoa, udalerriko musika talde ezberdinak sustatu, hauei bultzada eman eta etorkizunean lanean jarraitzea.
Urtero partehartzaile kopurua handitzen joan da eta, bigarren edizioan, Euskal Herriko, estatuko, zein atzerriko taldeek parte hartu zuten.

Lehiaketako arauak

Edozein estilotako taldeek eta bakarlariek parte hartu ahal dute, musika klasikoa izan ezik, eta beti ere, modu komertzialean ekoiztutako materiala ez badute.
Lehiaketan parte hartu nahi duten taldeek arau hauek kontuan hartu behar dituzte.
Taldeak eta bakarlariak nazionalak edo internazionalak izan daitezke. Aurreko edizioetako irabazleek ezingo dute parte hartu.
Lehiaketan izena emateko partaide bakoitzak hiru kanta aurkeztu beharko ditu eta horietako bik gutxienez originalak izan beharko dute.
Abesti bakoitzak hiru minutuko iraupena izan beharko du, gutxi gorabehera, eta MP3 formatuan egon beharko dute.
Kantuekin batera, talde edo bakarlari bakoitzak izena emateko fitxa aurkeztu beharko du behar bezala beteta eta, horrez gain, taldearen argazki bat.
Hiru abestiek, izena emateko fitxak eta argazkiak ezingo dute 15MB baino gehiago eduki.
Eskatutako guztia, maketak@lasarte-oria.org helbidera bidali behar dira maiatzaren 14a baino lehen. Izan ere, epe horretatik kanpo ez dira onartuko.

Epaimahaia

Lehiaketako epaimahaia Gazteria eta Festetako batzordeak izendatuko du eta bere osaera lehiaketaren erabakiarekin batera emango da ezagutzera.
Gazteria sailak aditzera eman duenez, azken baloraziorako ez da kontuan hartuko grabaketaren kalitate teknikoa, beti ere, musika eta letra ondo entzuten direnean.

Sariak

Lasarte-Oriako maketa lehiaketako talde edo bakarlari irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du metalikoan.
Era berean, epaimahaiak Lasarte-Oria saria emango du, 700 eurokoa izango dena.
Sari hori irabazteko aukera izateko, taldeko %50k Lasarte-Orian erroldatuta egon beharko du.
Gazteria sailak jakinarazten du, maketa berdinak ezingo dituela bi sariak jaso.
Sari metalikoaz gain, irabazleek kontzertu bat eskainiko dute hurrengo San Pedro jaietan.