Liburuaren eguna ospatu zen ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 24a

Liburuaren egunarekin bat etorriz E.P.Akoek euren ikasleen artean antolatzen duten Literatur Lehiaketaren sari banaketa egin zuten ostiral goizean kultur etxean.
Aurtengoa, X. edizioa izan da. Honetan, liburuaren eguna oroitu zuten, irakasle eta ikasleak taldeka prestaturiko idazkiak irakurrriz. Emozioz beteriko literatur testuak izan ziren "oso politak eta hunkigarriak" adierazi ziguten antolatzaileek.
Honetaz gain, urtero omenaldia egiten diote ikasle edo irakasle bati. Aurten Eufrasia, ikasle zaharrena izan da omendua. E.P.Ako ordezkariek lore sorta bat oparitu zioten, “sorpresa bat izan da, ez nuen espero" adierazi zigun. Bederatzi urte darama emakume honek E.P.An eta errekonozimendua izan du aurten.
Ekitaldia amaitu, eta entzundakoak hobeto komentatzeko, luncha eskaini zitzaien bertaratutakoei.

Landaberri BHI

Bestalde, Landaberri BHIk liburuaren egunaren ospakizun berezia egin zuen.
Hitzak, musika eta magia bateratu zituen ekitaldia antolatu zuten Landaberri BHI egoitzako aurreko plazan.
Porrotxen magia eta ikasleek instrumentu ezberdinekin jotako doinuek Pinotxoren abenturen atal bakoitzari sarrera egin zien.
Italiera, gaztelania, txinera, frantsesa, ingelesa, arabiera, alemaniera, portugesa eta euskara izan ziren bertan bildu ziren guztiek, Udal ordezkariak barne, entzun zituzten hizkuntzak. Izan ere, atal bakoitza hizkuntza batean irakurri baitzuten egun dagoen nahasketa kulturala irudikatuz.
Amaieran, Martin Ansok liburuari buruzko Book 2.0 umorezko bakarrizketa egin zuen eta Porrotxek azken truku bat, kutxa huts batetik liburu eta diska bat atera zituen.