24 Sendabelarren bigarren ikastaroa prest

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 24a

Apirilaren 24an, larunbatean, sendabelarrei buruzko bigarren ikastaroa antolatu du Ttakunek Nekane Martiarena oiartzuarraren eskutik Lasarte-Oriaren inguruan aurkitu ditzakegun sendabelarrak ikusi, ezagutu eta jasoko dituzte. Interesa baldin baduzu hilaren 22a baino lehen Ttakun elkartetik pasatzea baino ez duzu izena emateko. Jasotako belar guztiekin bazkaria egingo da mendi martxa ostean. Guztia 10 euroren truke. Ez galdu aukera! Eta ez ahaztu oinetako erosoak eta apunteak hartzeko koadernoa ekartzeaz!

Goizeko 09:00etan irtengo dira Sagardotegi kaletik mendi bueltatxoa ematera. Gure inguruko sendabelarrei buruz gehiago jakiteko aukera ederra duzue hau, azalpenak Nekane Martiarenak emango baititu.

Nola sartu zara sendabelarren munduan?
Txikitatik gustatu izan zait mundu hau. Bada urte asko Oiartzunen baserriz baserri ibili nintzela beste emakume batekin ikasten. Honetaz aparte, nire kabuz mendira joan belarrak hartu, liburuetan bilatu eta ikasten ere ibili naiz. Eta gero, liburuak irakurtzen eta gaur egun interneten ere aritzen naiz saltsan.

Afizionatua irakasle bihurtuz.
Gauza da jakin-mina izatea eta mundu honetan barneratzea, baina besteei helarazi ahal izateko jakintza edukitzeko puntura iristea... beno, ni ez naiz irakasle. Hau ez da nire ogibidea, nik beste lan bat dut. Badakit euskaldun jende gutxi dagoela mundu honetan, beraz, deitzen nautenean ezetza ematea asko kostatzen zait.

Liburu idazlea ere bazara.
Berria egunkarian sendabelarrei buruz artikulu bat idazten nuen. Egunkari honek bere kanpaina batean artikulu hauek borobildu eta liburu bat egiteko eskatu zidan. Honela Sendabelarrak landareen mundua atera zen. Ondoren, Elkar editorialak, deitu eta Ttarttalo cocinas izena duen sailean sendabelarren inguruan zerbait egin nahi zutela esan zidaten baina gaztelaniaz eta 50 hierbas buenas liburua egin genuen. Frantsesez ere badago. Liburuetan ohikoen diren sendabelarrak hartu ditugu baita jangarriak direnetan errezeta bat sortu edo asmatu ere.

Nolatan iritsi zara ikastaro hauen irakasle izatera?
Nik uste egoerak eraman nauela. Oiartzungo Haurtzaro ikastolan sendabelarrak gaiarekin daudenean urtero joaten naiz eta lau gauza erakusten dizkiet. Fraisoro nekazari eskolan lagun bat dut irakasle eta urtero ere klase bat ematen dut. Lagun batek deitzen banau kosta egiten zait ezetza ematea. Nola esan ezetz herri elkarte bati, ikastola bati, aek-ri, mundu honetan interesa duen jende jatorrari? Ttakun elkartea ez da lehenengoa izan deitzen, gainera nik batzuetan flipatzen dut jendeak nola lortzen duen nire telefonoa. Nire ogibidea hau ez denez, segun nori, ezetza ere ematen diot.
Baina berriz diot ni ez naizela ezeren irakasle, niri gehiago konpartitzea gustatzen zaidala. Denok dakiguna elkartrukatzea.

Nolako ikastaroa proposatzen duzu?
Niri pena handia ematen dit belarrak ez ezagutzea, ez izendatzea, eta zertarako balio duten ez jakiteak. Nire ustez gure inguruan oso ezagunak diren 10 belar erakusten ditut, eta gero bakoitzak interesa badu garatuko du gehiago bere interesa, jakituria edo grina. Proposamena paseotxo bat ematea da. Aurkitzen dugunaren baitan ukendu bat egin, mokaduren bat jan edo sinpleki bakoitzak dakiena konpartitu.
Nik dakidan gutxia erakusten saiatuko naiz eta era berean zerbait ikasten.

Zer nolako belarrak aurki ditzakegu gure inguruetan?
Agian ezagunena Hirusta edo Berbena da. Zikinkeria, mukiak, infekzioak kentzen edo garbitzen laguntzeko balio duena. Enplastoa da prestatzeko modu ezagunena, nahiz ukenduak edo olioak ere egin daitezkeen.

Jendeak gai honekiko interesa du, eurak izan baitira ikastaroa eskatu dutenak, erronka handia suposatzen du?
Horrelako gauzak beti dira erronka handiak ni ez naizelako honetan profesionala, afizionatua baizik. Ez dut nire burua honetan aditua kontsideratzen. Askotan ez nago ziur erantzuteko gai izango ote naizen. Urduri jartzen naiz, jende berria, herri ezezaguna...

Zer suposatzen du zuretzako honelako ikastaroa ematea?
Euskal kulturan hain barneratua egon zen zerbait galtzea pena handia da niretzat beraz, hau berreskuratzea polita dela iruditzen zait. Ez hiltzen uztea. Gustukoa, beno, ez banuke atsegin ez nuke egingo, azkenean niretzako herri batera joatea, zer egingo dudan prestatzea lantzea, ikastaroa ematea... Lana suposatzen du. Baina afizioa ez dut ogibide bihurtu.