Gaupasa egin zuten San Pedro Elizan larunbatean, presoen aldeko itxialdian

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 25a

Larunbat iluntzean, herritar ugari bildu zen Lasarte-Oriako presoen aldeko itxialdian parte hartzeko. Arratsaldeko 20:00etan elkartu ziren San Pedro parrokiako kanpoaldean, afari merienda eta elkarretaratzea uztartuz. 21:30ak aldera, afari-merienda luzatu baitzen, San Pedro Elizan sartu eta atzo, igandeko 08:00ak arte bertan egon ziren presoei elkartasuna adierazten. Gau berezi honen bitartez antolatzaileek presoen egoera salatu eta gaia astindu nahi izan dute berriro.

Egitarau sendo eta zabala izan zuten gaupasan parte hartu zutenek. Itxialdian zehar zenbait bideo ikusi eta Iñaki Egaña, Joxean Agirrek, Iñaki Gil de San Vicente, Iñaki Soto, Gotzon Garmendia eta Antxon Gomezen eskutik hainbat hitzaldi entzuteko aukera egon zen. Hizlari hauetaz gain, bertaratutako guztiek ere euren sentsazio eta ekarpenak plazaratu ahal izan zituzten.

Presentzia paperaren bidez

Herriko presoak ere ahotsa izan zuten Itxialdian. Presentzia fisikoa ez noski, baina bai bakoitzak bidalitako eskutitz baten bidez. Eurek ere beraien ekarpena egiteko aukera izan zuten San Pedro elizan.

Komunikatua

Larunbatetik igandera bitartean entzungai egon ziren ahots guztiak komunikatu batean biltzea zuten helburu antolatzaileek, eta bertan azaldutako guztiaren berri ostiraleko txintxarrin emango zaizue zabal.

Presoen egoera

13 preso lasarteoriatar daude momentuan kartzelan, eta horietatik 5 borrokan daude.
Txandakako gose greben bitartez, zigorra beteta duten presoak eta gaixo daudenak kaleratzea, eta halaber presoak bizi ziren herri ondoko kartzeletara hurbiltzea eta senideen aurkako kontrol, miaketa eta beste tratu desegokiak bertan behera uzteko eskatu eta lortu nahi dute.