“Amaren eraginez patinaje artistikoan sartu nintzen, eta aitarenaz, judoan”

itxaso-moreno 2010eko apirilaren 26a

Patinaje artistikoan bi urte soilik daraman arren, orain dela gutxi, Mario Garrido lasarteoriatarra Euskadi mailako txapelduna bilakatu da. Kirol honetaz gain, judoan ere aritzen da gaztea. Kontrajarriak dirudite bi kirol hauek, bata musikala eta bestea martziala, baina biak dira arteak. Momentuz kontent dago eta maite dituen bi kirol hauetan jarraitzea du amets Mariok.

Nolatan hasi zinen patinaje artistikoan?
Nire amari asko gustatzen zitzaion kirol honetako txapelketak telebistan ikustea, eta probatzeko aholkatu zidan.
Nik patinaje artistikoa gogoko nuen, baina lotsa ematen zidan eta hasiera batean hockeyra apuntatzea erabaki nuen lagun batekin.
Taldean hartu behar zidaten egunean, entrenamenduan ume bati stickarekin hortzak apurtu zizkioten eta badaezpada, lotsak baztertu eta patinaje artistikoan hasi nintzen.

Amaren eraginez kirol honetan hasi eta orain dela gutxi, Euskadiko txapeldun...
Bai, nire ama oso kontent dago. Gainera egia esanez, txapelketa prestatzen ez nuen denbora gehiegi pasa. Aste betez soilik ibili nintzen koreografia prestatzen.

Ba meritua handiagoa...
Beno... lehiaketaren erdian koreografiaren zati bat ahaztu eta asmatu egin behar izan nuen. Baina dena ondo atera zen zorionez.

Zergatik eskaini zenion hain denbora gutxi txapelketa prestatzeari?
Patinaje artistikoaz gain, judoan ere ibiltzen naizelako, eta egia badiot, azken kirol honi denbora gehiago eskaintzen diot patinajeari baino.

Judoa ere? Kontrajarriko kirolak dirudite...
Ez, kirol bateragarriak dira erabat. Judoan hartzen duzun indarra, patinajean saltoak emateko eta behar den malgutasuna izateko lagungarri da oso.

Patinatzera bueltatuz, lehenengo aldiz aurkeztu al zara?
Bai. Txuri Urdin Klubean azterketa batzuk pasa behar dituzu maila ezberdinak eskuratzen joateko, eta aurten lortu dut txapelketan parte hartzeko behar nuen mailara iristea.

Bi urte daramazu entrenatzen, baina lehenagotik patinatzeko ohitura zenuen?
Egia badiot, ez. Lehen, bi urtetik behin joaten nintzen Txuri Urdinera. Ez nintzen ohikoetarikoa.

Nola da patinaje artistikoarekiko lehen kontaktua?
Lehendabiziko gauza oinarrizkoena ikastea da, eta horretarako klaseak daude. Zure aurrerapenen arabera, azterketa bat gainditu eta mailaz aldatzen zara. Mailen kontua, judoan gerrikoaren kolore aldaketaren antzekoa da.

Zenbat ordu eskaintzen dizkiozu astean?
Astelehen, asteazken, ostiral eta larunbatetan joan beharko nintzake, baina ostiral eta larunbatetan soilik joan ohi naiz. Klase bakoitza ordu betekoa da. Beno, sesio libreetan ere nahiko finkoa naiz.

Judoari zenbat denbora eskaintzen diozu?
Astelehen, asteazken eta ostiraletan daukat judo. Ostiraletan gainera, patinajeko klasearen ostean. Normalean, ordu beteko saioak izaten dira, asteazkenean izan ezik, bi orduz egoten garela.
Aipatu diguzunez, amaren eraginez sartu zinen patinajean, eta judoan?
Aita munduko judo txapelketan bigarren geratu zen eta horrek eraginda, judoan sartu nintzen. Beraz, gurasoak izan dira ni kirol hauek praktikatzearen eragileak.

Patinajean txapeldun, eta judoan? Garaipenik bai?
Bai. Azken bi urte hauek izan dira emankorrenak.
Euskadiko txapelketan bigarren geratu naiz. Sanbo eta borrokan ere, Espainiako txapelketan lau aldiz izan naiz hirugarren. Eta aurten, Europako kopa internazionalean bosgarren. Emaitza onak, beraz.

Judo eta patinaje artistikoaz aparte beste kirolik egiten duzu edo egin duzu?
Adibidez, atletismoan ibili nintzen, baina hobbya bezala nuen.
Eta orain judoan, bertan sanbo eta borroka ere egiten ditugula, eta patinaje artistikoan nabil.
Nik uste dut kirol nahiko direla. Are eta gehiago, asteko ia egun guztietan entrenatzen dudala ikusirik.
Astelehenetik larunbatera nabil jo eta ke, eta gero gainera asteburuetan judoko txapelketak izan ohi ditut, eta hauek denboraldian zehar ugari dira.
Oso okupatua nago beraz, beste kirol batean murgiltzeko.

Patinaje artistiko txapelketak ere izaten dituzu?
Judoarekin alderatuz gutxiago daude. Hala ere, gero eta maila altuagoa lortu heinean txapelketa gehiagotara joateko aukera duzu, eta hor gauzak zailduko dira.

Judo ala patinajea?
Biak asko gustatzen zaizkit. Patinajea uzteko zorian egon nintzen, baina azkenean...
Denbora egon nintzen patinatu gabe, baina izotzaren gainean ibiltzeko grina handia zen, faltan botatzen nuen eta azkenean, berriro hasi nintzen.
Biak ditut gogoko, eta bietan jarraitzeko gogoak ditut, nahiz eta askotan zaila diren elkar uztartzea.
Entrenatzaileak bronka botatzen didate ez naizelako entrenatzera joaten, beste kirolean aritzen naizelako. Baina momentuz bronkak jasaten jarraituko dut.

Eta kirol bakarra egiten jarraitu beharko bazenu?
Askotan esan didate batekin geratu behar naizela, eta judoa erabakiko nuke.
Nire ustez, erraztasun handiagoa daukat, eta horregatik egingo nuke aukeraketa hori. Patinaje artistikoarekin oraindik denbora gutxi daramat.

Kirol bateko lesioak, besterako kalte?
Judoan normalean ez naiz lesionatzen. Eta patinajean behin txorkatila bihurritu nuen. Bendatu eta justu, Espainiako txapelketa nuen, bertara joan eta ondo joan zitzaidan. Bi kirolak arazorik gabe uztartu daitezke.

Zein kirolek betetzen zaitu gehien?
Biek berdin. Kirol bakoitzak berea ematen dit.