Auto kritika Kudeatuz egitasmoan

jon-altuna 2010eko apirilaren 26a

Maila batean huts egin dute Kudeatuz saioek. Plazaola nekazal parkeari buruzko herritarren iritziak jaso nahi zituen Udalak, baina eremu horretan lursailak dauzkatenetaz aparte, gutxi izan dira ekarpenak egin dituztenak. Azken bilerako bozketan eremua, aldaketa asko egin gabe, dagoen bezala, uzteko proposamena aukeratu zuten bildutakoek, lurrak galduko dituztenek ez dutelako aldaketarik nahi eta euren haserrea erakusteko bide hori hartu zutelako.

Kudeatuz, parte hartzea bultzatzeko egitasmoaren azken bileran berriro ere argi gelditu zen Plazaolan egin nahi den nekazal parkea definitzeko proposamenak egitera joandakoak baino, parkea jarriko den lurretan sailen bat duten herritarrak parte hartu dutela. Hirugarren bileran, parkearen inguruko proposamenak bozkatu ziren eta boto gehien parkea dagoen bezala uzteak eskuratu zituen, bertan baratzak dituztenek hori bozkatu zutelako. Dena den badakite Udalak euren lurrak erosiko dituela, saldu nahi ez baldin badituzte ere, espropiazio edo desjabetzen bidez.
Berrogeita hamar lagunetik gora elkartu ziren Osasun Etxe gaineko batzar gelan, ostegun arratsaldean, egin zen hirugarren bileran, baina hiruzpalau ziren parke berriari buruzko ideiak ematera joandakoak. Berriro ere, gehienak eremuan jabetzak dituztenak ziren eta hauen iritziak luzatu ziren behin eta berriro, Aztiker, eztabaida dinamizatzen aritu den enpresako teknikariek batzarra ez zela horretarako hainbat aldiz errepikatu arren.
Aurreko bi bileratan parkeari buruz jendeak luzatutako proposamen ezberdinen artean egindako bozketan ere aipatutakoa islatu zen. 20 proposamen ezberdin ziren, azkenak ostegunean bertan egindakoak, bileran parte hartu zuen bakoitzak bost pegatina zituen egokienak iruditzen zitzaizkionari emateko eta boto gehien jaso zituena Parkea dagoen bezala uzteko aukera izan zen (48) euren saila saltzera derrigortuko dituzten herritarrak horrela adierazi zutelako parkearen aurkako euren jarrera.

Lurren jabeak haserre

Jakina da, eremuan baratzak dituztenak Udal agintarien asmoen berri zuzena izan dutela bilera hauetan, hau da, Udalak eremu osoa erosiko duela: parkea hartuko duen lur zatiaren %92a jada hitzartuta dauka %8a soilik du eskuratzeko eta hauekin adostasunik ez bada, desjabetzen bidea hartuko du Udalak. Herritar hauek atsekabetuta daude eta bileratan euren kexa azaldu dute.
Beste proposamenei dagokionez, aisialdiko gunea (mahai, komun,...) jartzeko aukerak 25 boto jaso zituen eta 18 aldaketa askorik ez egiteko proposamenak, hau da, parkeak naturarekin bat egin dezala asko urbanizatu gabe, farolarik, biderik eta zementurik jarri gabe, alegia.
Beraz, kontraesanean dauden bi jarrera daude, batzuk aisialdiko gunean jartzearen aldekoak eta besteak zerbait txukundu baina aldaketa asko ez egitearen aldekoak. Egia esan, eremuan interesik izan gabe euren iritzia eman zutenen artean nagusi ziren bigarren aukeraren aldekoak, hau da, bidegorria jartzekotan parkera iristeko jartzearen alde, bertako landaretza berreskuratzearen alde, eta aldaketa asko egin gabe uztearen alde.

Autokritika

Bilerak aurrera egin ahala, ekarpen interesgarriren bat edo beste egin zen bukaera aldera ere, eta, batez ere, Kudeatuz egitasmoari berari egindako kritikak izan ziren. Bileratan Lasarte-Oria ez zegoela ordezkatua alegia, interesak dituztenak eta gutxi gehiago izan direla parte hartu dutenak; herriak hitz egin behar duela, adin ezberdinetakoek, bere bila joan behar bada ere.
Batek baino gehiagok salatu zuen parte hartzearen aldeko kultura falta dela, Udala eta erakunde publikoak kritikatu egiten direla, baina ondoren, herritarrek interes partikularrik ez badute, ez direla ia ezertan inplikatzen, konpromezurik hartzen edo bustitzen. Kritikak ondoren egiten direla, baina aukera izan arren, aurretik oro har herritarrak paso egiten duela.
Bileran parte hartu zutenek zein Aztikerreko teknikariek aitortu zuten bileretan jasotako iritziek ez zutela lasarteoriatarren iritzia ordezkatzen edo islatzen, hau da huts asko zeudela. Sektore esanguratsu askoren iritzia falta zela eta beraz bileraren ondorioak ez direla erakusgarri edo adierazgarriak izan.

Proposamen ugari

Dena den, proposamen batzuk izan dira: bidegorria eta oinezkoen bidea; aisialdi gunea; San Frantziskotik sarrera; Basaunditik sarrera nagusia; erreka txukuntzea; Lasarteko historiaren erakusketa; tren txiki bat jartzea; Plazaolako zubi azpiko iturburua berreskuratzea; atseden-gunea; barbakoa, mahai eta aulkiak; errekari bizitza ematea; errekatxoan erabilera publikoa izango duen putzua egitea; autoen sarrera galaraztea; parkea soilik pixka bat konpondu eta dagoen bezala uztea; ez urbanizatzea (farolarik, biderik, zementurik,... gabe) eta naturarekin armonia zaintzea; eguzkia hartzeko belardia eta landare, zuhaitz,... gehiago; bertako landareen parke botanikoa eta errekatxoan egurrezko zubia.
Azkenak hirugarren bileran bertan proposatu ziren, esaterako bertako landaretza berreskuratzea eta Parkeko lurretan den baserria berritzea.
Orain Udalak dauka hitza. Urte amaierarako proiektua egiteko asmoa duela eta Kudeatuz-eko bileratan egindako ekarpen, proposamen eta iritziak kontutan izango dituztela aurreratu dute, baina ez dago ezertara behartua.
Kudeatuz egitasmoa, Plazaola parkea nolakoa izango den definitzeko erabili nahi zuen Udalak, hau da, etorkizuneko parkearen ezaugarriei buruzko proposamenak egiteko aukera eman zien herritarrei, baina hiru bileren ondoren argi eta garbi ikusi da, ideiak baino bertan baratzak eta lurrak dituzten herritarren kexak jakinarazi direla eta beraz, hasierako asmoa nolabait hutsean geratu edo indargabetu dela.