Musika Eskolan aurrematrikula egiteko epea irekiko da maiatzaren 3an

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 26a

Gitarra elektrikoa, pianoa, trikitixa, tronpeta, txistua... ikasi nahi dutenek orain dute aukera Lasarte-Oriako Musika Eskolan izena ematekoa.
Etxeko txikitik hasi eta helduenera, Lasarte-Oriako Musika Eskolak adin guztietarako eskaintza aurkezten du, txokoak, hastapena, musika hizkuntza, helduen taldea...

Aurrematrikula

Honela, aurrematrikula egiteko epea maiatzaren 3tik 21era egongo da irekia. Interesatuek, Manuel Lekuona kultur etxean bigarren solairuan, 9:00etatik 13:00etara, eskatu dezakete informazioa eta aurrematrikula orria.
Honetaz gain, Lasarte-Oriako Udalak jakin arazten du, derrigorrezkoa dela aurrematrikula egitea plaza izateko.
Era berean, plazaren eskaera egiterakoan, emandako kontutik 40 eurotako fidantza kobratuko da, plaza eskaera-kontzeptupean, eta dagokion matrikula egiteko unean kopuru hori kenduko zaio kuotatik.
Plaza baten eskabidea egin eta gero, matrikula gauzatzen ez duenak ez duela ordaindutakoa berreskuratzeko eskubiderik izango ere, aditzera ematen du Udalak.
Plazen esleipena posta bidez, jakinaraziko zaie eskaera egin dutenei eta, ondoren, behin betiko matrikula epea uztailaren 1etik 16ra izango da.

Emanaldia

Era berean, datorren ostegunean, apirilak 29, 18:00etan, Lasarte Oriako Musika Eskolako zenbait ikaslek emanaldia eskainiko dute Kultur Etxeko hirugarren solairuko hitzaldi aretoan.
Bertan, esku soinua, pianoa, trikitixa eta panderoaren doinuak entzungo dira.
Musika eskolako arduradunek azaldu dutenez, parte hartzaile gehienak aurten hasi dira musika tresna ikasten eta askorentzat, jende aurreko lehenengo saioa izango da ostegunekoa.
Neska mutil hauek ikasi dituzten lehenengo kantak izango dira entzungai, beraz. Horregatik, abesti gehienak, herrikoiak eta ezagunak izango dira.
Ikasle hauetaz gain, zenbait urtez musika tresna ikasten diharduten ikasle batzuek ere hainbat lan eskainiko dituzte.