Lasarte-Oriak aurrera egin du eskupilotako herriartekoan

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 28a

Lasarte-Oriako taldeak buelta eman zion lehengo ostiralen pilotako herriarteko kanporaketari.
Aurreko astean, Michelingo frontoian kadete mailan, partidua berdindua izan zen. Hala ere, ez zuten zorterik izan txikiek eta 9-22 galdu zuten. Gazteak ere oso ongi aritu ziren eta 22-2 irabazi zioten Soraluzeko bikoteari. Seniorrek, ordea, ez zuten egun ona izan eta 6-22 izan zen azken emaitza.
Gauzak honela, Lasarte-Oriak erronka handia zuen Soraluzen 1 eta 2koari aurre egin behar baitzion.
“Izan ere, Soraluzeko bikote batzuk ez genituen ezagutzen eta ez genekien zer gertatuko zen Lasarte-Orian,” aipatu digu Jose Felix Solano taldearen arduradunak.

Hiruna berdindu

Hala eta guztiz ere, Lasarte-Oriako taldeak ongi erantzun zuen eta Soraluzen 2 eta 1 gailendu zen.
“Kadeteetako partida zaila izango zela zirudien, baina gure gaztetxoek ongi jokatu eta erraz irabazi zuten, 6-22. Junior mailan Lasarte-Oriako emaitza errepikatu zen, gure aldekoa eta seniorrek, partida ona egin zuten, nahiz eta galdu,” azaldu digu Lasate-Oriako arduradunak eta “Soraluzen beste irudi bat eman genuen eta Lasarteko tristura kentzeko balio izan du, ” atxiki zuen.
Era honetara, kanporaketa hiruna berdindu zuten taldeek, baina kadeteetako tantoak kontuan hartuta, Lasarte-Oriak hiru tantoko errenta izan eta, era berean, final zortzirenetarako txartela eskuratu zuen.
“Kadeteetan ez genuen espero hainbesteko errenta ateratzea eta horri esker, pasa gara hurrengo partidara,” azpimarratu zuen Joxe Felixek.

Hurrengo arerioa
Astigarragaren aurka jokatuko dute lasarteoriatarrek final zortzirenetan, igandean 10:00etan Michelingo pilotalekuan.
“Kanporaketa berdindua izango da,” aurreratu digu Jose Felixek.
“Jokalariak eta bikoteak ezagutzen ditugu. Honela, kadeteetan, partida berdindua espero dugu. Gazteetan, Astigarragak irabaziko du ziurrenik, bikote hobea baitu eta seniorretan irabazteko aukera asko ditugu,” aipatu du.
“Gure ustez, gakoa kadeteetako partidan egongo da. Hala ere, igandean partidak jokatu ostean, ikusiko da gure irakurpena ona den edo ez,” adierazi du Lasarte-Oriako arduradunak.