Esne gaingabetua Kale Nagusiko esne makinan

Txintxarri Aldizkaria 2010ko api. 29a, 02:00

Asko dira gure herrian egunero Dorre parke inguruan dagoen makinara hurbildu eta esne freskoa hartzen dutenak. Lehengo asteartetik aurrera gainera, makina honek esne gaingabetua hartzeko aukera ematen du. Era honetara, zerbitzu hau eskaintzen duen lehenengo herria dugu Lasarte-Oria.

Mahala enpresak urtarrilean jarri zuen martxan eguneroko esnea hartzeko makina gure herrian eta asteartean zerbitzua zabaldu zuen. Izan ere, esne gaingabetua zerbitzatzen hasi zen.
Kontsumitzaileen eskaerari erantzunez zerbitzu berri hau jarri dutela adierazi dute Mahala enpresako arduradunek,“makina hauetan, esne freskoaren zaporea dastatu nahi dutelako eguneroko esnearen elikapen baloreei uko egin gabe baina koipe kantitate gutxiagorekin.”
Esne freskoa eta gaingabetua, beraz. Izan ere, “esne osoaren zentrifugazio bidez gaingabetu prozesua egin eta baserriko esne freskoaren zapore nahastezina mantentzen du azken produktuak,” azaldu dute enpresako arduradunek.

Egunak eta ordutegia

Baina esne gaingabetua ez da egun guztietan eskuragarri izango Lasarte-Oriako makinan.
Hasiera batean, Mahala enpresak jakinarazi duenez, esne gaingabetuko zerbitzua, astearteko 20:00etatik osteguneko 18:00ak arte egongo da martxan herritarentzat.
Eta esne osoa hartzeko, berriz, osteguneko 18:00etatik astearteko 20:00ak arte, egongo da aukera.
Beraz, badakizue, esne freskoa, egunekoa eta gaingabetua hartu daiteke jada herriko esne makinan.