Dantza topaketa berezia egingo da maiatzaren 8an Lekuona Hotelean

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 30a

Duela bi urte, Manuel Lekuona kultur etxera hurbildu ziren herritarrak bidai berezi baten lekuko izan ziren. Iaz, berriz, mundua konpontzeko tailerrean sartu ziren ikusteak bertako istorioak entzuteko. Aurten, Lekuona Hoteleko harrera lekua ezagutuko dute, Ttakunek eta Lasarte-Oriako Bertso Eskolak, Udalaren laguntzaz, antolatzen duen udaberriko bertso saio berezian.

Manuel Lekuona kultur etxeko aretoa Lekuona Hotelaren harrera-leku bilakatuko da, maiatzaren 8an, 22:00etatik aurrera.
Hotel horretan dantza Topaketa batzuk ospatuko dira eta dantza talde ezberdinak hoteleko harrerara doaz giltzen bila.
Dantza estilo ezberdinetako taldeak dira gainera. Batzuk sabel-dantza egiten dute, besteek tangoa, talde bat dago euskal folklorea egiten duena, beste batzuk dantza garaikidea eta sevillanak dantzatzen dituen taldea ere aurkeztuko da Topaketa berezi hauetara.
Era berean, Andoni Egaña, Xabi Paya, Unai Muñoa eta Ane Labaka bertsolariak harrera lekuaren ondoko tabernan daude eta bertatik ikusten duten guztia azalduko dute modu ezberdinetan.
Eta, hau guztiaz gain, antzerkiak eta musikak bere tartea izango dute.

Bertsoa eta kultur espresioa

Bertso saio berezi hauek bi helburu nagusi dituztela azaldu digute antolatzaileek. “Bertsolaritza modu errazean eta entretenigarrian hurbildu nahi diegu gazteei, euskara ikaste prozesuan daudenei eta bertso zaletasunetik urrun daudenei,” aipatu dute.
“Beste kultur diziplinekin nahastuz, bertsoa eta bertsolaritzaren potentziala ezagutaraztea da asmoa,” adierazi dute antolatzaileek.
Eta, era berean, “herrian dauden kultur espresio ezberdinak ezagutzeko modua ere bada” azpimarratu dute.
Horregatik, bertso saio honetan esperimentazioa, elkarlana eta nahasketa dira nagusi.
Era berean, “antolakuntzak lortzen duen partaidetza, elkarlana eta herriko elkarteen arteko ezagutza,” azpimarratu dute.
Bertsolariak, Lasarte-Oriako antzerki eta dantza eskola, Erketz D.T., Semblante Andaluzeko Gitanillos del Alba eta Duende Flamenco taldeak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Udal Musika eskola, Xumela korua, Errenteriako Danza-rin taldea eta Aitor Lasa soinu jotzailea dira aurten Lekuona Hotela ikuskizunean parte hartuko duten talde guztiak.

Sarrerak

Hotel berezi honetako harrera gelara sartu eta gertatzen dena jakin nahi duenak, beraz, hurbil dadila Manuel Lekuona kultur etxera eta sarrera eros dezala. Astelehenetik aurrera egongo dira salgai kultur etxean. Sarreren prezioa 3 eurotako da.
Ez galdu aukera eta maiatzaren 8an, 22:00etatik aurrera, Lekuona Hoteleko dantza topaketa bereziaz gozatu ezazu.