“Asko dugu egiteko, baina bidean goaz”

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 30a

Lehengo asteburuan, larunbat gauetik igande goizera euskal presoen aldeko itxialdia egin zen San Pedro elizan. Hitzaldiak, eskutitzen irakurketak eta bideo emanaldia egin ziren presoei elkartasuna erakutsiz. Ekitaldi horren irakurketa baikorra egin du Lasarte-Oriako presoen komiteak “Asko dugu egiteko, baina bidean goaz” izenarekin herritarrei jakinarazteko helarazi digun oharrean.

“12 orduko itxialdia, 7 hizlari eta 5 hitzaldi, 9 ordu hitzaldi eta solasaldietan, 50 pertsonatik gorako parte hartzea eta 13 pertsona oso gogoan,” horiek dira presoen komiteak itxialdiri buruz ematen dituen datuak.
Era berean, itxialdian bizitakoaren “sentsazioak” ere azaltzen dituzte oharrean, “Gauaren hasieran etorkizuna izan genuen aho eta belarrietan. Euskal Herriaren etorkizuna, nola eraiki eta nondik jarraitu orain artean egindako lanari. Ezker abertzalearen eztabaida sakonak eman beharreko fruitua eta internazional mailan egin beharreko lana.”
“Euskal Herria subjektu gisa errespetatzen ez duten bi estatuen jarrera zapaltzailea azaldu zen eta Hego Afrika eta Irlandako kasuetatik joan etorria egin ostean galdera batek eman zion itzulia elizari, ba ahal da Espainiar zein Frantziar estatuetan konponbiderako pausua emateko prest legokeen agintaririk?,” diote oharrean.
Etorkizunetik, Irlandara egin zuten salto, “irlandar prozesuan preso politikoek izandako garrantziak bihotza bera ere ederki hunkitu zigun. Espetxeetako borrokak, estatus politikoa izatearen garrantziak eta batez ere gizartearekiko hurbiltasunak.”

Elkartasuna eta amnistia

“Elkartasuna ere hizpide izan zen, eta gure itxialdiak gorakada jasan zuen, eliza barruan larunbat gaua pasatzeari zentzua hartu genion,” azpimarratzen dute. “Senideen sufrimendua, sakabanaketa politika, espetxeetako jipoiak, bizi osoko espetxe zigorra, tortura eta espetxe politika doilorra lehen eskutik entzun eta jasotzeko parada izan genuen,” azaltzen dute.
“Gauaren berotan, 77ko amnistiaren tranpa eta azpijokoa zelakoa izan zen ikustera heldu ginen. Amnistiaren aurretik faxismoaren aldekoak bat batean lehen mailako demokratak bilakatu ziren, espetxeak euskal herritarrez betetzen hasi ziren, frankismoak hautaturiko agintaria jarri zen estatu buru eta frankismoak eragindako hildakoak ahaztura batean geratu ziren,” jakinarazten dute.
Horregatik,“elizatik lau haizetara zabaldu nahi izan genuen horiekiko gertutasuna, ez ditugula ahaztu errepide bazterrean lurperaturik diren herritarrak eta dudarik gabe orduan gertatua gizateriaren aurkako krimena izan zela,” adierazten dute.
“Gaua amaitzear eta azken 50 urteak gogoan. Txiki eta Otaegi, Burgosko katedraleko ikurrina, Carrero, grebak, borrokak eta Euskal Herria zutik dela gogoan izateko irakasbide bat. Denbora labur 50 urteak laburtzeko, izan direlako gara ordea, bai horixe,” diote.
Azkenik, Euskal Herriko langilearen egoera aztertu zuten itxialdian. Eskuak ez direla derrigorrez zikindu behar langile izateko. Gizartearen %80a, gehiengo zabala, soldatapeko langileak direla eta noski agintea %20 horren eskutan dagoela salatzen dute..
“Honela, bizi dugun krisi garai hauetan inoiz baina argiago esan ahal dugu, herri honetan benetako aldaketa langileek boterea hartzearekin etorriko dela. Aldaketa sozial eta politikoa. Ezkerretik eraikiriko herria,” diote hausnarketan.
Eta aste honetako berri onarekin ematen diote amaiera komunikatuari, “honela, larunbat gaua eta igandeko ordu txikiak, astelehenak ordea ekarri du berria, eta gure artean da Rafa Diez. Ongi etorri Rafa eta izan bitez horrelakoak astelehen guztiak.”