Sindikatuak aurtengo Maiatzaren lehenengoa eguneko egoerak markaturik datorrela azpimarratzen du oharrean, “alde sozio ekonomikotik krisiaren erdian gaude, murrizketa, erreforma eta botere ekonomikoaren erasoen artean. Bestetik, aldaketa politikoari bultzada emateko fasean hartu gaitu.” Egoera honek eskualdean eragin zuzena izan duela eta krisia langileok eta herritarrok ordaindu dutela adierazten du sindikatuak.
“Krisialdiak, enpleguan eragin handia du. Buruntzaldean langabetu kopuruak azken bi urteetan %65 egin du gora. 4.254 langabetu daude, hauetatik %25 industria sektorean, %11 eraikuntzan eta %56 zerbitzu sektorean.
Horietatik, %36a, 35 urte gutxiago duten langabetuak dira eta %57 emakumeak,” aipatzen du LABek oharrean eta “eskualdeko lan munduan, prekarietatea gehien emakumeek eta gazteek sufritzen dutela ,” ondorioztatzen du.
Hitzarmenen negoziaketa
Honetaz gain, Gipuzkoan negoziatzen ari diren hainbat hitzarmen garrantzitzuetan, Adegik sektoreko hitzarmenak baliorik gabe utzi eta negoziazio eredua aldatzeko asmoa duela salatzen du sindikatuak.
Testuinguru honetan enpleguaren defentsaren alde agertzen da LAB. “Eskualdeko enpresa ezberdinetan espedienteak eta kaleraketak egon dira eta langileok aurre egin diote mobilizazio eta salaketaren bidez,” adierazten du.
Era berean, diskurtso nagusiaren aurrean aberastasuna egon badagoela eta honen banaketa justua aldarrikatzen du.
Honetaz gain, krisitik atera ahal izateko, lan erreforma berrien mehatxua gertu dagoela eta horien helburu bakarra enpresen irabaziak langileen kontura berreskuratzea dela salatzen du LABek, “krisialdietaz baliatzen dira lan harreman eredua prekarizatzen joan ahal izateko.”
Langileen beharrak kontuan hartzeko sakoneko aldaketak behar direla nabarmentzen du sindikatuak, “aldaketa politikoa aldarrikatzea ezinbestekoa izango da aldaketa sozialak burutu ahal izateko. Maiatzaren Lehenak langileriaren gehiengoak nahi eta behar duen benetako aldaketa politiko eta soziala aldarrikatzeko konpromiso eta errebindikazio eguna izan behar du.”
Eta manifestazioan parte hartzeko deiarekin amaitzen da oharra.