Rafa Diez aske 30.000 euroko bermea ordainduta

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 30a

Astelehenean Rafa Diez Usabiaga aske geratu zen Baltasar Garzon epaileak ezarritako 30.000 euroko bermea ordaindu eta gero. Auzitegi Nazionalak “egoera pertsonal-familiarragatik” baldintzapean aske utzi zuela adierazi zuen kaleratutako autoan.
Era honetara, Diezek hamabostero eman beharko dio Garzoni amaren berri. Horretaz gain, astean bitan ertzain etxera joan beharko du sinatzera. Halaber, Espainiako Estatutik baimen judizialik barik ezingo da atera.
Garzonek politikan aritzea galerazi dio lasarteoriatarrari: “ETAk zuzendutako konplexu terroristarekin lotura duten ekimenetan” parte ez hartzeko agindu dio.

Askatzeko eskaera

Defentsak martxoaren 8an egin zuen Diez aske uzteko eskaera. Aurkeztutako argudioen artean, “mendekotasun egoeran” duen ama zaindu beharra zegoen. Epaileak ontzat eman eta Diezen espetxe egoera «leuntzeko» neurriak hartzea erabaki zuen, Zigor Kodeko eta Auzipetze Kriminaleko Legeko zenbait artikulutan oinarrituta.

Ongi-etorri Rafa

Astearte goizaldean iritsi zen Rafa Diez Lasarte-Oriara. Lagun, ezagun eta herritar ugari bildu zen Xirimiri elkarteko kanpoaldean LAB-eko idazkari nagusi ohiari babesa eta elkartasuna adierazteko. Ongi-etorri guztietan bezala, agurra dantzatu zioten Diezi.

Atxiloketa

Iazko urriaren 13an atxilotu zuten Rafa Diez beste bederatzi kiderekin batera, Batasunaren Mahai Nazional berriaren berrantolaketa prestatzen ari zirela leporatuz.