“Oreindik ez dugu askotan jo”

jon-altuna 2010eko maiatzaren 3a

2009. urtearen hasieran sortu zuten Oreindik musika taldea, bizipen, ibilbide, eragin, ikuspegi eta jatorri desberdineko bost lagunek. Baina denek dute musika sortu eta kontzertuak eskaintzeko gogoa, bat datoz horretan: ondo pasa eta ondo pasarazi nahi dute. Parapetoan, Udalak utzitako lolalean, hasi ziren; orain Makulu Ken taldekoekin batera ensaiatzen dute Sasoetan eta pixkanaka euren bidea egiten ari dira. Urte hasieran demo bat grabatu eta autoeditatu zuten.

Jokin Telleria eta lagunen Oreindik musika taldeak Euskarazko abesti onenaren saria jaso du Leioako X. Maketa Lehiaketan, "Zerri hegalaria" abestiarekin. Iaz, urte hasieran, hasi ziren Lasarte-Oria, Andoain, Zarautz eta Donostia, lau herritako bost lagunak elkarrekin jotzen, eta ordutik, urte eta erdian, hamar abesti sortu dituzte. Josu Etxeberria (Andoain) ahotsa, Haritz Manterola (Zarautz) gitarra, Alvaro Remacha (Andoain) gitarra, Ibon Jiri García (Donostia) baxua eta Jokin Telleria (Lasarte-Oria) bateria dira Oreindik.

Bost lagun zarete, lau herritakoak, nolatan elkartu zineten?
Josu abeslaria eta biok lagun koadrila berekoak gara, Josuk Haritz, nik Jiri, lau ezagutzen ginen guren artean, eta gero Alvaro gitarrista etorri zen Andoainen jarritako iragarki baten bidez. 2009. urtearen hasieran hasi ginen batera jotzen, Parapetoan, Udalak ensaiatzeko utzitako lekuan.

Lehen aldiz jendaurrean jo zenutenean ez zineten Oreindik. Happening Jalgin egin zenuten Itoiz taldeari eskainitako omenaldi kontzertua...
Bai, hasi eta bizpahiru hilabetetara, geure abestiak sortzen ari ginela San Pedrotan Itoizen bertsioak egiteko proposatu nien: taldea gustatzen zaigu, probatu eta festetan kontzertua jo genuen, ekainaren 30ean, baina ez du jarraipenik izan. Nolabait esateko parentesi bat egin genuen, eta gero gure bidea segitu dugu.

Eta, zer moduz doa?
Jada abesti sorta bat badaukagu, pixkanaka 9-10 sortu ditugu, maketa bat grabatu dugu eta zenbait lehiaketetan aurkeztu dugu. Kontua da Alvaro gitarra-joleak badakiela grabatzen eta lokalean bertan egin dugu demoa. Berak zeukan dena, mikroak, programa,... ordenagailua erosi eta auto-editatu egin dugu. Sei abesti dira.

Leioara bidali eta saria irabazi duzue. Zer eragin izango du taldearen ibilbidean? Nola hartu duzue?
Gure helburua kontzertuak dira, asko gustatzen zaizkigu eta. Ez daukagu beste helbururik. Bagenekien saria jasotzeak izen bat emango zigula, gero, errazago izango genuke Udalekin lan egiteko eta kontzertuak emateko. Beraz, batez ere izena eman digu, medioetan atera gara,... Gure my space-an dago saritutako abestia: zerri hegalaria. Ondo etorri zaigu ezagutarazteko baina azken finean, nahi duguna, jotzea da.

Leioan hori jaso duzue behintzat, jotzeko aukera, ezta?
Bai eta 600 euro ere bai. Ekainaren 19an joko dugu Midnight Road (Bilbo) Belöp (Redondela) eta Niño Pájaro (Getafe) Pop-Rock ataleko finalistekin. Metal ataleko finala 18an izango da.

Demoa atera duzue, definituta al daukazue zuen musika?
Ez. Gure oinarria rocka da, baina estilo askotara irekiak gaude. Funk estilorantz ere jotzen dugu. Oso irekiak gara, agian gehiegi eta ez dugu bide oso markatua. Gero konposatzerakoan lanak dauzkagu.

Eta noizko diskoa?
Ez daukagu hori buruan. Kontzertuak eman nahi ditugu, abesti gehiago atera eta errepertorio polit bat osatu. Demo bat sei abestirekin guretzat nahikoa da. Diskoetxeen baldintzak txarrak dira. Ez dute ezer eskaintzen, soilik agian banaketa, baina portzentaje handi bat beraientzat da...

Zuk bateria joko duzu, noski?
Bai, bateria. Oso txikitan tronpeta jotzen hasi nintzen eta bi urtez aritu. Gero konturatu nintzen bateria jo nahi nuela. 16 bat urterekin hasi nintzen Donostiako kontserbatorioan, duela 12 urte.
Orain beste talde batekin ere jotzen hasi naiz Zarautzen. Hilabete daramat Louisemichel taldean. Jalgin musika jarri zuen Marek eslovakiarrak, bateria behar zuten, probatu eta pila bat gustatu zitzaidan.

Aurretik zein taldetan jo zenuen?
Zama izena zuen Metal talde batean. Kañeroa zen. Bost bat urte iraun zuen, 1999-2004 bitartean gutxi gorabehera. Lasartekoak Ilitz Olano eta Iñigo Unanue ziren. Donostiar bat eta zaldibiarra. Gero Euskararen Maratoian eta Jam saioetan jo dut. Bestela denbora asko egon naiz jo gabe.

Gogoz heldu al diozu berriro?
Azken urteotan kontzertu pila bat programatzen aritu naiz eta ni jo gabe! Eta asko bilatu gabe etorri da. Beno, Josu lagunarekin Jam saioan jo eta sarri esan ohi genuen: zerbait egin behar dugu. Kosta zaigu talde batekin feeling-a lortzen baina azkenean lortu dugu. Oso giro ona daukagu, gainera, afaltzera joatea ere denoi gustatzen zaigu.

Dena den, oreindik ez duzue kontzertu askotan jo?
Ez, oreindik ez. Abend-en lehenengoa, gero Sustraien jo dugu orain dela pare bat aste, Galarretako Gala aretoan ere bai eta aurreko ostiralean Orioko Txalupan, azken bietan Makulu Ken taldearekin. Lokal berean entseatzen dugu eta oso ondo konpontzen gara talde honekin. Larunbatean sagardotegian bazkaldu genuen elkarrekin.

Kontzertu gogoangarririk?
Niretzat onena Sustrai tabernakoa izan zen. Ia ez ginen sartzen baina,... Abend-ekoa ere bai, lehenengo kontzertua oso berezia izan zen.

Oreindik izena nondik atera duzue?
Euskarazko izena jarri nahi genion, baina ez oso arrunta, ukitu desberdin bat izan behar zuen, gure musika ere horrelakoa da eta. Rocka da, baina ukitu ezberdin bat ematen saiatzen gara. Oraindik pixka bat aldatuz, Oraindik? Ez Oreindik.

Helburu jakinik ez duzuela aipatu didazu,...
Ez, jotzen jarraitu, eboluzionatu, ez dakigu norantz, baina eboluzionatu eta gure artean ikasten segi.

Udarako itxaropenik?
Bai baditugu zita batzuk, Leioakoa berezia izango da ekainak 19an; Groseko festetan joko dugu uztailak 15ean; eta hemen, maiatzak 7an Jalgin, 40 de fiebreko Juan Mariren omenez eta agian sanpedrotan.

Beste sariketaren batean aurkeztu al zarete?
Bai lau lehiaketetan aurkeztu gara eta azkenengoan lortu dugu saria. Leioara, Gaztea sariketara, EH Zuzenean sarira eta Donostiako Pop-rock lehiaketara bidali genuen maketa.

Dena dira entzutetsuak,...
Bai, pisu gutxiena agian Leioakoak du.

140 talde aurkeztu baldin badira, sariketa ona da...
Bai oso ondo dago. Ez genuen jada saririk espero. Maketa autoeditatua da eta ez dauka sekulako kalitaterik. Baina, azkenekoan etorri da saria.

Zer moduz Xpressionk-en?
Krisia nabaritzen da, baina esparru askotan lan eginez eusten diogu. Hazten ari gara pixkanaka. Sei urte daramagu, denbora asko da, baina oraindik ez dago erabat finkatua.