Jende ugari hornitu du Aburuza denda irekita egon den denboraldi luzean. Herritar ugari izan zarete Kale Nagusian kokatuta zegoen janari-denda honetan. Ostiralean agur esan zigun lasarteoriatarrei. Milagros Etxaniz dendari eta jabeak erretiroa hartzeko garaia du. Triste urte hauetako bizipenak uzteagatik, baina alai, orain bizitzaz disfrutatzeko eta 38 urte hauetan ezin izan dituenak egiteko gogoekin aurkituko dugu. “Lan sakrifikatua, baina asegarria”, horrela definitzen du Milagrosek bere lan bizitza.
38 urte lanean Aburuzan, ze balorazio egiten duzu?
Oso ibilbide polita izan da hemen bizitakoa. Esfortzu eta sakrifizio urteak izan dira, baina burutu dudan jarduera oso esker onekoa izan da. Bezeroak errege izan ditut, bezerorik gabe ez baitago negoziorik. Oso jatorrak izan dira nirekin, eurei esker duintasunez bukatu ahal izan dut. Oso eskerturik sentitzen naiz lasarteoriatarrekin biziarazi izan didaten garaiarekin, oso polita izan da. Badago jendea lanera kostata joaten dena, ni ez, beti ilusioz etorri naiz.
Noiz ireki zen Aburuza?
1972an ireki zen. Hasieran nire senarra zen dendaria, eta ni laguntzaile. Baina orain dela 27 urte nire senarra hil zenean, ni jarri nintzen buru. Hasieran uste nuen ez nuela aurrera ateratzen lortuko, baina lortu nuen, eta hori niretzako satisfazio handia izan zen. Eta guztia, bezeroei esker.
Gaur egun ezagutzen dugun denda ez da aitzinakoa...
Ez. Dendaren 25.urteurrena ospatzeko denda guztia berritu genuen. Inaugurazioa oso ondo eta alaitsu gogoratzen dut, egun polita izan zen. Denda jada zaharkitua zegoen, zerbait egin behar genuen, eta horrek aurrera jarraitzeko indar handia eman zidan. Nire alaba zaharrenak diseinatu zuen denda berria, bera arduratu zen guztiaz. Gainera, nire ondoan okindegia jarri zuen. Garai ederrak izan ziren haiek.
38 urte hauetan kontsumo aldaketarik eman al da?
Oinarrizko produktuak berdin-berdinak dira; kontserbak, gailetak... gainera kopuru berdinean saltzen jarraitzen dut. Aurrez prestaturiko jakiak adibidez orain presentzia gehiago dute, baina nik ez ditut ekarri, horretarako kamerak behar direlako. Egun aurrera jarraitu nahi banu hestebete xerratuak, aurrez prestaturikoak eta eta izoztutako produktuak saldu beharko nituzke. Hala ere, bezeroen eskakizunen beharretara egokitu naiz beti. Zerbait berezia ekartzen saiatu naizenean, prezioan garestiago, ez du arrakastarik izan. Lasarte-Oria langile herria da, eta prezioekin kontuz ibili behar da.
Nolakoa izan da bezeroekiko harremana?
Oso ona. Bezeroak askotan esan didate denda honetan sartzea etxera sartzea bezalakoa zela. Denda txiki hauetan bezeroekiko tratua etxekoekin bezalakoa da, oso hurbila. Erosketak egiteaz gain, gure gauzetaz ere hitz egiten genuen.
Jende ugari ikusi dut jaiotzen, baita hiltzen ere. 38 urte, etapa luzea da. Jende askori eman diot bazkatzen. Hemen bezeroak lagun bihurtu dira, eta nire erretiroa penaz hartu dute askok. Immigrazioa eman zenean, jende ugari etorri zen herrira, eta hauek ere nire dendan erosten zuten. Eurek ere 38 urtez denda izatearen eragile izan dira. Negozioak funtziona zezan lagundu zuten.
Nolako bezeroak dituzu orain?
Helduak gehienbat. Nire hastapenetan adin guztietakoak etortzen ziren. Baina egun gazteak hipermerkatu handietara joaten dira, erosotasunagatik. Egun emakumeak lan egiten du, ez du lehen bezain besteko denbora librerik. Lehen erosketak egitea bizitza soziala egitea zen.
Nola ikusten duzu denda txikien etorkizuna?
Gaizki. Espezializatu egin behar zara, bestela, akabo. 1974an 32 denda ginen herrian, egun hiru gelditzen gara, bueno bi, nirea itxita dago jada. Hipermerkatuek mina egin digute, baita erdigunean aparkalekurik ez egoteak. Azkenean jendea hipermerkatuetara doa han arazorik gabe kotxea utz dezakeelako. Gainera egun, aste osorako erosketa egiten da, ez lehen bezala, egunekoak egunean bertan.
Erretiroarekin, nola ikusten duzu etorkizuna?
Nire bizitzaren momenturik hoberenean nago orain. Lana uzteko momentu ederra, osasuna daukat eta bizitzaz disfrutatu nahi dut. Urte hoberenak lanean pasa baditut ere, oraindik urteak geratzen zaizkit. Orain arte egin ez ditudanenaz disfrutatzea dut helburua. Nire semeekin oso gutxi egon naizenez, orain nire bilobaz disfrutatu nahi dut, lehentasuna berarentzako izango da. Irakurtzea dut gogoko, hitzaldietara joatea, bidaiatzea... beraz, hauek egiteko momentua iritsi zait.