Gizarte balioak eta tolerantzia VII. Balioetan Hezi hitzaldi sortan

Txintxarri 2010ko mai. 3a, 02:00

Gizakia balioetan heztea, bizitzaren nondik norakoak argitzen saiatzea da. Balio ezberdinen arabera antolatzen gara izakiak. Baina non dago tolerantziarentzat lekua gure egunerokotasunean? Hauxe da, hurrengo astean, maiatzaren 10etik 13ra arte, Danok Kide Guraso elkarteak antolatzen dituen Balioetan Hezi hitzaldi sortan aztertuko den gaia.

Urtero legez, Danok Kide elkarteak Balioetan Hezi jardunaldi arrakastatsuak antolatuko ditu maiatzaren 10etik 13ra Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan, arratsaldeko 19:30ean.
Zazpigarren edizio honetan, hausnarketa gaia tolerantzia izango dira. Eta honek gizarteko beste gai batzuetan, hala nola, inmigrazioa edo ideologia politikoetan dituen eragina aztertuko da lau hitzaldi ezberdinetan.

Hitzaldiak

Astelehenean,maiatzak 10ean, Tolerantziaren ikuspegi orokorra aurkeztuko du Xabier Ibarzabal Aramberri Medikuntzan doktore eta Bioetikan adituak; asteartean, berriz, Tolerantzia eta ideologia politikoei buruz arituko da Martin Auzmendi Ayerbe Zuzenbiden lizentziatuak; asteazkenean, Tolerantzia eta inmigrazioa izango ditu hizpide Agustin Unzurrunzaga Gipuzkoako SOS Arrazakeriako ordezkariak eta, azkenik, ostegunean, Tolerantzia eta erlijioari buruz mintzatuko da Tomas Muro Teologoa.

Zer da tolerantzia?

Tolerantzia ezberdinari errespetua izatea da. Besteak diren bezala onartzea edo aniztasunaren errespetua izatea da. Besteen eztabaidetan ikuspuntu ezberdinak entzun eta onartzea.
Tolerantzia pasiboa “bizi eta bizitzen uztea da”, baina aktiboki egiten duenak elkartasuna adierazten du.
Aitzinean onginahia zen eta balio honek beste pertsonekin hitzez, sentimentuz eta ekintzez ongi eraman eta adeitsu izatea esan nahi du; ez, ordea, beste pertsonak erabiltzea eta haiekin harroa eta zakarra izatea.