Arratetik Lasarte-Oriara oinez

jon-altuna 2010eko maiatzaren 3a

Duela lau urte egin zuen herriko lagun talde batek lehenengo ibilaldia Lasarte-Oriatik Arantzazura eta orduz geroztik urtero antolatu dute. Bigarrena, herritik Aralarrera egin zuten, iaz Larraiztik Irantzura joan ziren eta aurten Arratetik Lasarte-Oriara etorriko dira. Berezitasuna, horixe da, aurten, etxean bukatuko dutela. Joxan Salsamendik prestatzen du ibilbidea emaztearekin batera eta berak eman digu irteera, ondorengo afari eta beste hainbat bitxikeriaren berri.

Maiatzaren 15ean, goizeko 5etan aterako da lasarteoriatar lagun koadrila bat autobusez Eibar aldera. Goizeko 6etan Arrate auzoko santutegi ingurutik abiatuko dira eta 13-14 orduko ibilbidea osatu ondoren iritsiko dira Lasarte-Oriara, Intza elkartean afaltzeko asmoarekin. Herrian bertan bukatzea izango da aurtengo berritasun eta pizgarria. Aurreko urteetan ibilbideen abiapuntu izan da Lasarte-Oria, 2007an Arantzazura joateko, 2008an Aralarko San Miguelera eta iaz aldiz, Amezketatik atera ziren Lizarraldeko Irantzura joateko.
Aurten Joxan Salsamendi, Loli Serrano eta lagunek prestatu duten ibilbidearen beste alde interesgarria Atxolondoko burdin-olatik egingo den itzulera da. Paseatzera joateko tokia izan da hau askorentzat, gainera aspaldian bidea zikin xamarra izan da, sasiak janda, itxia zegoen, baina garbitu dute pixka bat eta bertatik iritsiko dira Lasarte-Oriara. Martxa egingo dutenen artean, asko, 30 urte ondoren berriro pasatuko dira bertatik eta antolatzaileen ustez "amaiera bitxia eta ederra izango da".
13-14 orduko ibilaldi luze xamarra egin ohi dute, ondo prestatuta daudentzat egokia. Dena den, azken urteotan ia hogei lagunek osatu dute ibilbidea. Joxan Salsamendik eman digu aurtengoaren berri: “Arratetik Elgoibarrera jaitsiko gara, herria zeharkatu alde batetik bestera eta Madarixatik, Altzola zahar aldera igo. Zerbait jan eta Goltzibar baserritik Ekainera, Zestoara, jaitsiko gara, Aizarna-ra igo, han bazkaldu, hortik Santa Engrazira, Ernio aldera, eta Andazarratetik jaitsi, Atxulondoko burnitegi zaharrean barrena, Abalotzeko kanaletik, Lasarte-Oriara heltzeko.
Bidea ez dute Loli emaztea eta biek berez ezagutzen, joan eta bilatu egiten dute. “Mapa hartu eta pixkanaka hasten gara: hemendik hona joan behar dugu... eta bion artean erabaki: bide hau zikina dago, edo hemen asfaltu asko dago, ba beste alde batetik probatzen dugu, pixkanaka ibilbidea finkatu arte. Azkenean denbora ematen dugu, lau bat hilabete”.

Santutegiz Santutegi

Azken urteotan Arantzazu, Aralar eta Irantzuko santutegietan izan dira, baina Salsamendik esan digunez kasualitatea izan da. “batak bestea ekarri du. Ibilaldia egin eta gero afaria egiten dugunez, han planeatzen dira gutxi gorabehera hurrengo urtekoak”.
Joxan Salsamendik aitortu digu “beti” ibili izan direla mendian, urtean zehar honelako beste bi martxa luze egiten dituztela, “Fortuna mendizale elkarteak antolatutakoak” eta inguruko parajeak ondo ezagutzen dituela: “ezkondu ginenetik, umeekin joan izan gara igandero, gu, beste lagun batzuekin. Lehen Batasunan ibili ginen eta orain Ostadarren gaude. Laguntza behar badute beti laguntza emateko prest”.
Ostadarren ez dute normalean irteerarik antolatzen baina hontan, norbaitek interesik balu parte hartzeko aukera zabaldu dute. Joateko asmoa dutenek, maiatzak 10 astelehena baino lehen eman beharko dute izena Ostadar elkarteak Geltoki kalean, 25 zenbakian duen bulegoan. Arratsaldeko 16:00tik 20:00ra dago zabalik astelehenetik ostiralera.
Joxan Salsamendik esan digunez urtero egiten ditu hiruzpalau irteera Piriniotara, eta Palencian, Carrionen,... ere ibiltzen da. Alpeetara ez da sekula joan, baina dioenez “gida liburuxka badaukagu eta denbora hartu behar joateko”.
Arratetik etortzeko 13 bat ordu beharko dituzte. Bideko otordua Aizarnan egingo dute eta afaria Lasarte-Orian: “Lasartearra elkartean egin genituen bi, iaz Orian Buruntzazpin eta aurten Intzan”.
Denetarik izaten da urtero martxa honetan, “batzuk prestatu gabe ateratzen dira, gero ez dute erretiratu nahi eta larri ibiltzen dira; beste batzuk lasterka egiten dute gero lanera joan behar direlako. Ondo ibiltzen gara. Kontua ondo pasatzea da. Etorri, afaldu eta tabernak itxi arte segi, berriro, nora joan nahi duten ikusi eta guk bilatuko ditugu bideak” esan digu Joxan Salsamendik.