Sasoeta eta Landaberri ikastetxeetako bestso eskolak Arrieskaleta elkartean bildu ziren aurreko asteazken arratsaldean, elkar ezagutu eta elkarrekin une atsegin bat igarotzeko helburuarekin. Unai Muñoa da Lasarte-Oriako bi ikastetxeetan “Ahozkotasuna eta Bertsolaritza” proiektuaren arduradun eta bi bertso eskoletako irakasle eta esan bezala asteazkenean bi taldeak elkartu zituen.
10-12 urte bitartekoak dira eta Lasarte-Orian ere argi geratzen da neskak direla adin hauetan bertsotan aritzen direnak. Bi mutiko bakarrik dira Bertso Eskolan. Arrieskaletan egin zuten afari meriendan mutiko bakarra izan zen, bietatik batek ezin izan zuen egon eta. Beste guztiak neskatilak ziren.
Tripa beteta, talde bakoitzak besteari kantatu zion. Hamarna lagun ari dira bertso eskola bakoitzean eta Landaberrikoek euren gustoko abesti bi aukeratu eta letra aldatu zioten. Sasoetakoek, aldiz, dantza eta bertsoa uztartu zituzten, koreografien taltean beste eskolakoei bertso batzuek kantatuz.