Ezker abertzalearen zalantzak, Udalaren parte-hartze sistemaz

Txintxarri 2010eko maiatzaren 3a

Ezker Abertzaleko zinegotziak Lasarte-Oriako Udalak eta bere alkateak martxan jarri duen partehartze prozesuari buruz mintzatu dira. "Herriaren kudeaketa guztien artean egitea da helburua. Herritarrek partehartzeko bideak bilatu behar dira," alkatearen hitz hauek ongi etorriak izan direla azaldu dute.
Izan ere, azken hogeitaka urteetan, Lasarte-Oria kudeatu duen Urchueguia andreari sekula horrelakorik ez entzun izana azpimarratu dute ezker abertzaleko ordezkariek. “Berak inpotentzia, harrokeria eta mespretxuz kudeatu du udal hau,” adierazi dute.

Partehartzea eta asmo onak

Herritarrek, agintarien aldetik, zintzotasuna, gardentasuna, zabaltasuna ikusten badute, egitasmo desberdinetan buru belarri sartuko direla adierazi dute.
Iradokizunak jasotzea ondo dagoela, baina nahikoa ez dela ere azpimarratu dute, “benetako partehartze guneak zabaldu behar dira. Baina zer gertatzen, da, ez direla fido.”
Izan ere, “erabakiak era bertikalean eta aldez aurretik hartuak egoten dira. Egitasmo hauek paripe bat izaten dira kasu gehienetan. Partehartzeak muga batzuk izaten ditu eta askotan boterearen interesen kontrako iritzi edo korronteak sortzen direnez, erabaki guneak hortxe bukatzen dira,” salatzen dute.
Eta alkatearen asmo onak agerian jarri dituzte, “alkatetza hartu berria duzu eta gogoz eta indartsu somatzen zaitugu, seguraski ideia mordoska batzuk izango dituzu buruan.”
Baina, “baietz hemendik urtebete barru zure ideiak azukre koxkor bat bezela desegin. Esan dezagun argi eta garbi, zuk ordezkatzen duzun alderdiaren kudeaketa eredua ez dela hori,” ohartarazi diote Jesus Zaballos alkateari.
Eta zera gogoratzen dute, “egitasmo bat bada martxan, plazaolako parkearen inguruan. Partehartze gune hortan aipatu da eta herrian nahiko zabaldua dago, parte hartzearen aldeko kultura falta dela, bai agintarien aldetik eta baita agian herritarren aldetik ere.”
Partehartzea sustatzeko gaiak ere eskaintzen dizkiote alkateari, ”etxebizitza arazoa, hirigintza planifikazioa, kultura politika, gazteria, horra gai batzuk, non aukera fidagarri eta zintzoak eman ezkero jendeak parte hartuko duen” eta benetako partehartze guneak zabaltzeko eskaera egiten dute. Hori baita, ezker abertzalearen ustez bere egitekoa.
“Sartu lur azpian azken urte hauetako ohitura, dinamika eta interes ilun eta mespretxagarriak. Seguru gaude hori horrela izanda, herritarren aldetik parte hartze zabala jasoko duzula, herriaren eta herritarron onurarako” adierazi dute.
Horrela bada, ezker abertzaleko zinegotziak bidelagun izango dituela jakinarazi dute.