“Indartsu itzuli naiz eta pozik nago”

jon-altuna 2010ko mai. 7a, 02:00

Urtzi Telleria harri-jasotzaileak saio bikaina egin zuen apirilaren 25ean Gorostidi harriarekin Adunan. 150 kiloko zilindro zaharra 13 aldiz altxatu zuen eta 80 kilotik azpikoen artean txapeldun izan zen. Ondoren 185 kiloko zilindroa altxatu zuen Telleria II.k, sekula jaso duen harririk astunena. Kronikek hainbat lore eskaini dizkiote, “erakustaldia” eman zuen, “bera izan zen onena”,“harri-jasotzaile handia da”, “bere maila erakutsi zuen”,... baina herriko kirolari gaztearen ustez etxean egindako lanaren ondorio da Adunan lortutakoa. Igandean 12:30ean Azkorten izango da.

Harri-jasotzaile bikaina dela erakutsi zuen duela 15 egun Urtzi Telleriak, Adunako 150 kiloko zilindro zaharra 13 aldiz altxatuta, Joxetxo Urrutia bigarrenak baino lau gehiago eta Iraitz anaiak baino sei gehiago eta gustura zen egindako lanarekin: "150 kiloko zilindroarekin etxean pentsatutako lana egin genuen, eta 185 kiloko harriari heltzea nire ilusioa zen."

Zalantzarik gabe, ondo prestatuta joan zinen probara?
Azkenengo lau hilabetetan ibili naiz proba prestatzen. 16 hilabete pasa ditut kirolik egin gabe, hepatitis gaixotasunarekin. Medikuak esan zidan urtebetean ez aritzeko.

Beraz itzuli eta ondo gainera. Pozik egongo zara, beraz?
Bai indartsu itzuli naiz eta gustura nago.

185 kilo al da sekula altxa duzun pisu gehiena?
Orain artean behintzat bai. 175 kilokoa neukan jasoa, bai oraingo harri modalitate berrietan eta baita garai bateko harri zaharretan ere. Bietan kilo berdinak. Orain 185ekoa altxa dut.

Eta zer moduz altxa zenuen? Erraz? Juxtu? Gehiago altxatzeko moduan al zaude?
Oraindik handiagoari heltzeko asmoa badugu. Aurrerago izango da. 185ekoa belaunetara ateratzen asko kostatu zitzaidan, gero jada belaunetatik gora nahiko erraz, ondo, dominatu nuen.

Dena den, harri txikiekin hobeto ibiltzen zara?
Ehun kiloko zilindroan eta harrian moldatzen naiz ni ondoena.

Gehiena zenbat kilo altxatuko dituzula uste duzu?
Hori ez dakigu. Gero ikusiko da muga non dagoen. Oraingoz limitea 185ean daukagu, 200goa jasoko al nuke? Agian jasoko nuke orain, agian ez.

Eta zein harrirekin egingo duzu froga?
200 kiloko harri errektangular berria etxean probatzeko asmoa daukat. Ikusiko dut, ondo ateraz gero, Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan atera edo ez. Hori jasotzen baldin badut.
Zure aitak garai batean bere pisua hiru aldiz jasotzen saiatu zen...
Ez, aitak ere 200 kilokoa jaso zuen. Nahi izanez gero jasoko zuen bere pisuaren hirukoitza. 200ekoarekin ibili zenean bazuen jasotzeko aukera. Jasoko zuen baina ez zen horretara begira jarri, harri txikietako txapelketara begira jarri zen gehienbat.

Daukazun gorpuzkerarentzat indar handia daukazula diote...
Bai, hori esaten dute. Berez, gorputz txikikoa naiz, baina gimnasioan landu dut eta karga hartzen ari naiz.

Harri handi eta txikien txapelketak daude, baina hor berdin da pisu asko eduki edo gutxi eduki. Hori traba izango da zuretzat?
Bai. Aitaren garaian 80 kilo azpitik harri-jasotzaile gehiago ziren. Garai batean bi kategoria baziren, eta 80 kilo azpitik aita zen onena. Orain berriz ez dago, denak 80 kilotik gorako mutilak dira, gehienak 100 kilotik gorakoak, eta ez daukagu beste aukerarik. Nafarra, (Josetxo Urrutia leitzarra) eta Iraitz (anaia), hiru gara bakarrik, gainontzekoak kontrario handiak dira eta horien kontra saiatu behar izaten dut.

Anaiak jarraitzen du?
Bai Iraitzek (18) segitzen du oraingoz behintzat eta Beñatek(13) ere bai.

Inguruan zaletasunik sentitzen al duzue?
Etxe giroan, bai, aita eta osaba. Etxetik kanpo koadrilan lagun batzuk badauzkat, mundu hau gustatzen zaie eta etortzen dira ikustera.

Eta merezi al du egiten duzuen ahaleginak?
Merezi, merezi,... Nik berez nire zerarengatik egiten dut, gustatu egiten zait, afizioa honetarako daukat, ez daukat kaleko umeak bezala ez pilota ez futbolerako zaletasunik. Zer ikusi,... txikitatik hauxe ikusi dut eta ikasi ere bai. Hauxe gustatzen zait.

Etxean entrenatzen segituko duzue, noski?
Bai eta gimnasiora ere joaten naiz Villabonako Battis Kortajarenarengana. Txapelketa honetarako, etxean, nire kasa ibili naiz, beldurra neukalako pisua hartuko ote nuen. Baina Battisengana joateko ideia dut eta igandetan, mendira joaten saiatzen naiz, erakustaldiren bat ez baldin badaukat, mendira joaten naiz osabarekin.

Aimar Irigoienen laguntzaile lanetan jarraitzen duzu?
Bai, Aimarri laguntzen beti bezalaxe segitzen dugu. Aimar eta bere lagunak ere sarri etortzen dira gurekin.
Hurrengo erronka beraz 200ekoa altxatuz gero, Harri Handien Txapelketa...
Beno, lehenengo erronka ekainaren 13an Gipuzkoako txapelketa izango da; uztailean Txintxarri saria Alegin, baiezkoa emanda daukat baina ez dakit data; uztailaren 24an Bizkaian errekako harri batekin arituko naiz; Donostiako Aste Nagusian Igeldoko Harria sariketan aterako naiz, eta aurtengo urtea ixteko, Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan ateratzeko ilusioa behintzat badaukat, 200ekoa eta 150eko kubikoa etxean jasoz gero. Besteak jasota dauzkat.