Urte asko daramatza Iñigok musika munduan, 12 urte jada Unhe proiektua martxan jarri zenetik, eta Unhe-Trioarekin hiru. Gu berarekin bildu gara bere azken lanari buruz aritzeko.
Zer aurkituko dugu Solasaldia diskoan?
Musika nahiko berezia, gainera instrumentazio aldetik, gauza berriztatzaileak. Taldeak nahiko konposaketa berezia du; tronpeta, bibrafonoa eta pianoa. Talde originala da gurea. Gainera, disko honetan kanta berriez gain, beste disko batzuetakoak ere ekarri ditugu, baina hiru instrumentu hauetara moldatuta.
Tronpeta eta pianoa ezagunak dira, baina bibrafonoa...
Bai egia esanez hemen ez da oso ohikoa instrumentua. Xilofonoaren antzekoa da, baina handiagoa. Marinba egurrezkoa da eta bibrafonoa aldiz, metalezkoa. Soinu berezia dauka. Disko honetan berrikuntza handiena izango litzake, baina tronpeta ere lehendabiziko aldiz Solasaldia diskoan erabili dugu. Korneta ere berria izan da gure konposaketetan, beste soinu ezberdin bat gehituz. Instrumentu talde multzo berezia eta berritzailea da erabat.
Jazza nagusi?
Ez zait estilo batean identifikatzea gustatzen. Topikoa badirudi ere, ez zait etiketarik jartzea gustatzen, musika sailkatzea oso zaila da. Erritmoan, armonian... giroa dauka, baina kantak ez dira jazzekoak propioak. Laugarren kanta adibidez, Sentikor, joera berri baten barruan sartu behar da. Orokorrean jazza da, bai, baina ez dio estilo tradizional bati jarraitzen.
Konpositore lana zurea, nola bihurtzen da idei bat abesti?
Era ezberdinak daude lanketarako. Gertaerak, momentuak daude inspirazioa ematen dizutena. Batzuetan pianoan eseri eta ideia etortzen zait. Bestetan ideia bat bururatu, eta gero lantzen dut. Normalean, hasieran ideia bat duzu, eta ondoren pianoarekin, armoniarekin.. garatzen joaten zara. Ondoren entzuten dugun gaian bihurtuz. Eta askotan bururatutako ideiak azkenean baztertu egin behar dituzu, hasierako ideiak ez dira beti onak izaten.
Orotara 9 abesti Solasaldian, asko geratu ziren kanpoan?
5-6 kanta geratu dira diskotik kanpo, baina kontzertuetan joko ditugu, eta beste diskoren bat ateratzen badugu, agian hor sartu daitezke.
Zer transmititu nahi duzue?
Kanta bakoitzarekin gauza bat. Hala ere, musika instrumentalak entzule bakoitzari, sentiarazten duen moduan entzuteko aukera ematen dio. Nik berez, konposatzerakoan sentitzen dudana transmititzea dut helburu. Adibidez Gaia Libertad-en, Kubako biztanleen bizi era erreportaje batean ikusi eta hori adierazi nahi nuen. Nik zerbait transmititzen saiatzen naiz, baina gero bakoitzak bere buruan, bihotzean edo ariman duenaren arabera sentituko du.
Adiera ezberdineko musika
Pintura abstraktuaren antzera, kolore ezberdinak daude eta bakoitzak zerbait sentitzeko aukera ematen du.
Abesti espezialena?
Topikoa badirudi ere, guztiak. Abesti bakoitzak bere momentua dauka, esperientzia berezia. Ez dago berezirik, denak dira berezienak.
Portada ederra diskoarena...
Johann Bertrand-ek oso lan polita egin du. Zumaia eta Lekeitio artekoa da erakusten dena portadan. Johannek diskoa entzun, eta eragindako inspirazioa irudikatu zuen. Portada diskoaren isla da, sentimenduz josia.
Non eskuratu daiteke diskoa?
Bilintxen edo Elkarren. Hipermerkatuak musika ez-komertziala ez saltzea erabaki dutelako, eta gurea ez da komertziala. Auto-produkzio lana izan da Solasaldia.
Eta kontzertuak noiz eta non?
Gauza bitxia gertatzen zaigu. Guk austriar managerra dugu, eta kontzertuak hemendik kanpo bilatzen dizkigu gehienbat. Hemen gauza nahiko geldi da. Dena den, pixkanaka ateratzen ari dira, baina momentuz ezin dugu ezer esan.
www.unhetrio.com web orrialdean agertzen joango dira.