Festa Juan Mari Cerezoren omenez

jon-altuna 2010ko mai. 7a, 02:00

Juan Mari Cerezo, 40 de Fiebre-ko gitarra-jolea, gogoratu eta omenduz herriko hamar rock taldek joko dute larunbat gauean Andatza plazan. Duela zazpi urte auto istripuz hil zen gaztearen taldekideak ere berriz elkartu dira eta garai hartan atera zuten maketako sei abestiak prestatu dituzte larunbateko kontzertuan jotzeko. Cerezoren omenaldia egun guztiko festa izango da eta gaueko kontzertua Lasarte-Oriako musika mailaren eta zaletasunaren isla.

40 de Fiebre rock taldeko Juan Mari Cerezoren omenez egingo den kontzertuan parte hartuko du herriko talde honek. 2003ko maiatzaren 12an Rekaldeko bidegurutzean auto istripuz hil zen gaztearen tokian Jabi Mora jarri eta 2000.ean argitaratu zuten maketako abestiak prestatu dituzte taldekideek biharko kontzerturako. Bittor eta Rafak musika alde batera utzita dute eta Unaik Dictadura taldean jotzen du. Hain juxtu talde hau da kontzertuan kanpoko talde bakarra. Beste guztiak Lasarte-Oriakoak dira, Bondi22, Zona Mortuoria, Despervicio, Obito, Gaueko Itzalak, Keep Digging, Lili&The Tomboys (batzuk Oztopon aritutakoak) eta baita Manu DJa ere. Gazteenek izan ezik, gehienek ezagutzen zuten Juan Mari gainera.
Baina Juan Mari Cerezoren omenezko II ekitaldian (lehenengoa 2004an heriotzaren urteurrenean burutu zen Okendon) dena ez da kontzertua izango, bere lagunek larunbatean egun osoko festa prestatu baitute. Omenaldiaren egitaraua gaur hastekoa zen Oreindik taldeak Jalgi tabernan eskaini behar zuen kontzertuarekin, baina bertan behera gelditu da. Hori bai, Jalgi tabernan, Juan Mari Cerezo eta 40 de Fiebre taldearen argazkien erakusketa zabalik dago hilabete honetan.
Musika izango da egun guztian protagonista bihar Andatzan: goizeko 11etatik 13etara Kaleko Musika Eskolaren saioa izango da eta ondoren herrian kalejira pote batzuk hartuaz; bazkaltzeko sagardo dastaketa eta pikoteo herrikoia eskainiko dira 6 euroren truke (txartelak Obelix, Ilargi eta Sustrai tabernetan hartu daitezke); ondoren irekiko da Jam saioa, mikroa zain egongo da hartu nahi duenarentzat; 18:00etan hasiko da Rafafa magoaren ikuskizuna eta 20:00etan kontzertuak. Hamar talde dira eta goizaldeko 03:00ak arte luzatuko da. 40 de Fiebrek gutxi gorabehera ordubatean joko du. Kontzerturako taldeak elkartzeko arazorik ez da izan, omenaldiaren zurrumurrua zabaldu zenetik guztiek jo nahi zuten eta.
Rafa Lopez eta Juan Mari Cerezok sortu zuten 40 de Fiebre taldea aurreko mende amaieran. Rafa berak eta Jabi Morak, azaldu digute zer dela eta antolatu duten omenaldi-festa: "Lagunartetik sortu zen ideia, hitz-eginez, eta bestalde herriko taldeek ere gogoa zuten Juan Mari omendu eta herrian jotzeko".
Duela sei urte egin zen lehenengo omenaldia Okendon. Rafa Lopez-ek azaldu digunez, "orduan pentsatu genuen, ez urtero, baina bai tarteka, zerbait egitea, bere figura ahaztu ez zedin, Juan Mari herriko rock munduan oso ezaguna zen. Beraz, ideia horixe izan da, Okendokoa errepikatzea baina Andatzan".

Helburu bikoitza

Beraz bi helburu lotu dira, batetik Juan Mari gogoratu eta omentzea eta bestetik herriko taldeei kontzertua eskaintzeko aukera eta bultzadatxo bat ematea. "Juan Mari herriko punk-rockaren ikur bat da, talde batean jotzen zuen, beste taldeek ezagutzen zuten eta guztiekin zuen hartu-emana. Beraz, omenaldia ezin zitekeen bestela egin, musika mota hau eskaini eta kontzertu bat egiteko baliatu" esan digute antolatzen ibili den taldeko bi partaide hauek.
Rafak azaldu digunez, 40 de Fiebreko kideak kontzertu honetarako elkartu dira soilik, ez dute berriz jotzen hasteko asmorik: "Detaile bat izan nahi genuen guk ere. Gainera gitarra jotzen, bizikletan ibiltzen bezala, ez da ahazten". Dudarik gabe gustuko zaletasuna du, Oztopo taldean baxua jo zuen gerora, baina aspaldian utzita dauka. Bere iritziz, daukan bizimoduarengatik ezin du konpromisorik hartu. "Egunen batean nonbaiten geratzen eta finkatzen banaiz, ez orduko amorruarekin, baina hasiko naiz berriro... Asko gustatzen zait". Pozik gogoratzen ditu Rafak 40 de Fiebre eta Oztopo taldearen garaiak. Talde honekin Euskadi Gaztean finalistak izan ziren eta bideo klipa ere grabatu zuten, baina taldekideak kanpoan dira, bat Londonera joan zen bizitzera, beste bat Indiara eta utzi egin zuten.

Pertsona ezaguna

Juan Mari, batez ere, gazterik hil zen mutil alaia zela nabarmendu dute bere lagun Rafa eta Morak. Rafa Lopez taldekideak ondo gogoratzen du egun beltz hura. "24 urterekin hil zen, Hernanirantz lanera zihoala astelehen batean. Gogoan daukat Lemoan jo genuela larunbatean". Herriko musikazaleen artean oso ezaguna zen, "denekin ondo konpontzen zen, Juan Marirekin haserretzetzea zaila zen".
Herriko taldeen artean gehiena jotzen zutenak ziren 40 de Fiebrekoak. Rafak dioenez, "hasiera indartsua izan genuen, garai hartan ia astebururo jotzen genuen nonbaiten".
Rafa eta Juan Marik sortu zuten taldea, Bittor abeslaria Rafak ezagutu zuen euskaltegian, eta Unai karanbola bidez heldu zen. “Lagun baten amak bere ama ezagutzen zuen,... behin etorri eta gurekin geratu zen". Hiruzpalau urte iraun zuen taldeak, 2003an Juan Mari hil zenean utzi zuten arte. Abestiak berak egiten zituen, berak deitzen zituen entseguetarako, "gurdiari berak egiten zion tira".
Taldea ezagutzen ez dutenek aukera dute larunbatean ikusteko eta 2000 urtean atera zuten CDko abestiak entzuteko. Rafaren ustez, bera ezagutu zutenak joango dira Andatzara, eta gazteagoak ere bai, jakin-minarengatik. "Talde pila bat dira, festa handia izango da, normalean ez da horrelakorik Lasarte-Orian, beraz,... ez dago aitzakiarik".

Erakusketa Jalgin

Jalgi tabernan hainbat kontzertutako argazkiak zintzilikatu dituzte; Rafa taldekideak asko ditu gogoan, esate baterako, lehen kontzertua Andoaingo gaztetxean, Antiguon Potrotainorekin emandakoa, Ordiziako festatakoa edota Bartzelonan Splugues de Llobregaten etxebizitza-espekulazioaren aurka eskainitakoa. Talde ezagunekin ere jo zuten, Etsaiak taldearekin esaterako.
Multimusikala antolatzen duen taldearen laguntza izan dute Cerezoren lagunek eta honen auzoko, Sasoeta inguruko tabernena ere bai. Juan Mari ezagutu egiten zuten eta harrera oso ona izan dute. Udalak, aldiz, ez du sosik eman eta beraz antolatzaileek asko eskertu dute taberna eta multimusikalaren laguntza hori, bestela ezin izango zuten, ez kontzertu ez egun guztiko egitaraurik, antolatu eta.
Bestalde, Juan Mariren omenez herriko 28 talderen abestiz osatutako CDa salgai dago 3 eurotan tabernetan, “top manta prezioan”. Multimusikalaren kontzerturako egindako kopia guztiak saldu ziren eta orain bigarren sorta bat egin dute beste ehun alerekin. Bestalde, www.myspace.com/lasarteoriamusikak webean ikusi daitezke herriko taldeak.