Joan etorriak

inaki-erauskin 2010eko maiatzaren 7a

Denbora pixka bat bada zutabe honetan idazten ez nuela, nire bizitzaren gora beherak eta joan-etorriak direla eta. Bitarte honetan herrian ere izan dira hainbat joan-etorri. Ziurrenik entzutetsuena Lasarte-Oria sortu zenetik genuen alkate bakarraren joatea izan da. Ezbairik gabe, gauza asko egin ditu herrian, hainbeste urteren ondoren. Bestalde, gauzak egiteko moduan oso autokrata izan da, txarrerako. Bere ondorengoak onartu duen bezala, "izaera gogorreko" emakumea omen da, eufemismo egokia erabiliz (nik beste modu batera deskribatuko nukeen). Zer gertatuko da hemendik aurrera? Hasteko, alkate berriari eskatuko nioke, besteak beste, aurrekoak baino jarrera hobeagoa erakustea alkatetzaren erantzukizunen barnean (2011ko maiatzaren arte). Eta 2011ko maiatzetik aurrera, zer? Zaila da asmatzea, baina aukera polita daukagu aurrean gure herriko gauzak aldatzen hasteko. Ez al da horrela? "Yes, we can".
Beno, besterik ez... Ah, bai!!! Beste joan-etorri entzutetsua izan dugu azkenaldi honetan. Oso erreportaje polita argitaratu zuen astelehenean Txintxarrik Mila gure amaginarrebaren jubilazioa dela eta: bere denda "joan" da, baina bere "jubiloa" etorri da, lanera zuzendutako hainbat urteren ondoren. Zorionak!!!