Joxe Mari Agirretxe, Pablo Barriok eta Kontxu Iartzak, besteak beste, azaldu zituzten Manuel Lekuona Kultur etxeko aretoa maiatzaren 15etik 28ra arte hartuko duen Antzerki eta Dantza Asteko nondik norakoak.
Hamabostaldia eta desfilea
Astea hamabostaldia bilakatu dela azpimarratu zuen Joxe Mari Agirretxek. Izan ere, gero eta talde gehiago daude,“talde berriak sortu dira antzerkian eta dantzan, Solaskide taldea, Sasoeta-Zumaburuko taldeak eta Añorgako Amasorrain ikastolan ere talde bat egin da aurten.”
Maiatzaren 15ean, desfilea eta Dantzaz Blai! ikuskizunarekin emango zaio hasiera. “Iazko arrakasta ikusirik aurten ere desfilea egingo dugu, oraingoan talde guztiak batuta,” azaldu zuten. Gainera, antzerki eta dantza asteko abestia estreinatuko da desfilean.
Astean zehar, astelehenetik ostegunera, haurren antzerki lan ezberdinak ikusteko aukera egongo da bi saio ezberdinetan, bata ikasleentzako 11:00etan eta bestea, gurasoentzat, 19:00etan. “Hala ere, arratsaldean joan ezin duenak goizean aukera du,“ aipatu zuten.
Ostiraletan, berriz, maiatzak 21 eta 28an, helduen taldeen txanda izango da.
Antzerkia eta dantzaz gozatzeko aukera paregabea, beraz, Antzerki eta Dantza Astean.