Azkorteko erromeria ospatuko da bihar

Txintxarri Aldizkaria 2010eko maiatzaren 8a

Urtero bezala, bihar ospatuko da Azkorteko ermita inguruan erromeria. Ttakunek udalaren laguntzaz antolatzen duen erromeri honi hasiera emateko, 11:00etan meza ospatuko da eta bertan izango dira Alboka abesbatzako kideak eta Amalur eskolako trikitilariak meza kantuz laguntzen.
12:30etik aurrera, herri kirolak ikusteko aukera izango da ermita kanpoaldean eta, ostean, bikotekako lehia.
Mugertza semea eta beste aizkolari baten arteko norgehiagoka egongo da eta harri-jasotzen, Telleria anaien, Urtzi eta Iraitzen artekoa.
Bikotekako lehian egin beharreko lanak enborrak aizkoraz moztu, harria jaso eta enborrak trontzatu.
Lasarte-Oriako Bertso-eskolako Patxi Etxeberria eta Zigor Iriondo ere bertan izango dira bertso batzuk kantatu eta giroa alaitzeko.
Honetaz gain, goiz guztian zehar, Amalur eskolako gaztetxoek beren doinuekin erromeria girotuko dute.
Aterpean, gainera, tabernatxoa egongo da salda, pintxo eta edariekin erromeria nahi den adina luzatzeko.

Autobusa

Urtero moduan, ezin izango da kotxeetan ermitara hurbildu.
Horren ordez, autobusa jarriko da goizeko 9:00etatik aurrera Lasarte-Oriako erretiratuen elkartetik. Honek ordu-erdiro egingo ditu bidaiak eta goiz osoan zehar ibiliko da. Ibilbidea doan izango da.
Autobusak plaza mugatuak dituenez, mezetara joan nahi duenak autobusa nahiko goiz hartzea gomendatzen da. Beste la, sasoiko daudenentzat, oinez igotzea da onena.