Lagun arteko festa erraldoia izan zen larunbat gauean Andatza plazan Juan Mari Cerezoren omenez egin zena. 40 de Fiebreko bere taldekideak bertan izan ziren. Hauek oholtza gainera igo zirenean iritsi zen kontzertuaren gailurra. Rafa baxu-joleak eta Bittor abeslariak ikusleen bizkarrean bukatu zuten bata jotzen eta besteak kantuan.
Taldekideek Juan Mari Cerezo ordezkatu zuen Jabi Moraren laguntzarekin taldeak desagertu aurretik zuen indarra eta arintasuna argi erakutsi zuten emanaldiak iraun zuen ordu erdian. Ohi zuten bezala azkar jo zituzten ikusleek ondo ezagutzen zituzten kantuak. Bukaeran Juan Marirekin batera taldea sortu zuen Rafa Lopez-ek oihukatu zuen "aupa Juan Mari Gogoan Zaitugu" hori lagun askoren bihotzera iritsi zen.
Lagun arteko festan, Juan Mari Cerezoren hainbat lagunek parte hartu zuten. Herritarrak ziren musikari gehienak. Gaueko Itzalak taldeko gazteak izan ziren jotzen lehenengoak, ondoren Unai, 40 de Fiebreko taldekidearen Dictadura taldekoek giroa erabat berotu zuten, ondoren jo zuten Keep Digging, Obito, Zona mortuoria, Blondi22 eta Lili&The Tomboys taldeek, 40 de Fiebreren aurretik eta Despervicio taldeak eman zion amaiera goizaldeko 3etan kontzertuari.